Golden Apple Quartet donostiarrek 25 urte bete dituzte eta ikuskizun berria estreinatu dute hori ospatzeko. Arrakastaz aurkezten dihardute antzokirik antzoki. Bazen behin… Golden da ikuskizunaren izenburua.
Espektakulu musikalak egiten horrenbeste urte daroatzan laukotearen helburu nagusi eta bakarra da "ikus-entzuleak ondo pasa dezan" saiatzea, haien berbetan. Donostiazko Jazzaldian hasi ziren 1990ean eta orain urteurrena ospatzera datoz Elgetara. Aurtengo udan ere Jazzaldian izango dira.
Musika eta umorea lotzen direnean, laukote honekin gogoratzea ezinbestekoa da. A capella kantatzeko modu horrek ere berezi egin ditu-eta.
Telebistan sarri ikus ahal izan ditugu, hainbat plato pasatu baitituzte laukote moduan. Hala ere, antzeztokia da Golden Apple Quartet-ek berezko duen esparrua.
Ipuin baten formatua
Halaxe diote ikuskizun berriaren gainean: "Ikuskizun musikal honek ipuin baten formatua hartzen du; off-eko ahots batek taldekideekin batera aritzen den bitartean, azken urteotan eszenatoki gainean bizi izandakoa kontatzen du. Bertan ikusleak taldeak dituen saiorik ezagunenak (Telebistari esker) edota beste batzuk guztiz berriak ikus ditzake. Honetaz gain, gidoi batek ongi lotuta dituen sketch-ak antzeztuz eta besaulki-patioa jai bihurtuz lau lagun hauek izango ditugu".
Datorren barikuan, apirilaren 5ean, eskainiko dute ikuskizuna, 22:30ean hasita, esan bezala, Elgetako Espaloian.
Sarrerak erosteko:
- Espaloia antzokiaren webgunean.
- Kluturalive webgunean.
- Pikupe produkzioen egoitzan, Bergarako Artekalean.