Eguaztenera -hilak 26- arte, 4.250 aitorpen aurkeztu zituzten gipuzkoarrek, aurreko astean aitorpen kopurua bikoiztu ondoren.
Ogasuneko iturrien arabera, emaitza "ona" da. Dena dela, atzerrian ondasunak eta eskubideak zenbat gipuzkoarrek dituzten gaineko daturik ez dauka Foru Aldundiak; horregatik, "aurreikuspenik ez" zuen Ogasunak eta, bestalde, kanpaina bukatzen denean egin ahal izango da balorazioa eta ondorioak atera: ze motatako zergadunak diren, ze ahalmen ekonomiko duten…
Foru Ogasunak aurrera eroandako informazio kanpainak, beraz, fruitua eman du. Kanpaina bizia egin du, ez bakarrik komunikabideen bitartez, baita enbaxaden, kontsulatuen eta atzerriko erakunde eta elkarteen bitartez ere.
Atzerriko ondasunak aitortzeko, 720 eredua aurkeztu beharko du zergadunak, eta Internet bidez bakarrik egin daiteke hori.
Betebehar hori betetzen ez den kasuetarako isunak handiak direla kontuan hartuta, Ogasunak aukera eman nahi die zergadunei ondasun horiei buruzko informazioa bere borondatez eman dezaten.