'Euskal Herria hezkuntzatik eraikiz' lelopean egin dute manifestazioa Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 27a, 09:00

Ikasle Abertzaleek deitutako greba eguna dute gaur batxilergoko eta unibertsitateko ikasleek. Arrasaten eguerdian manifestazioa egin dute eta Oñatin herriko Ikasle Mugimenduak deitutako elkarretaratzea ere egin dute. Mobilizazio bateratu bat ere egingo da gaur, izan ere, eskualde mailako manifestazioa deitu dute Arrasateko Seber Altubetik irtenda 19:00etan.

"Herri bat eraikitzean zein desegitean hezkuntza ezinbesteko tresna dela guk bezain ondo daki gobernu espainiarrak, eta Wert ministroak espainiar estatuaren benetako aurpegia eta autonomien ahulezia erakutsi du, ikasgaietako edukiak Madrildik lotuz, euskararen irakaskuntza gutxietsiz, D eredua erasotuz, bere helburua ikasleak espainolizatzea dela lotsa barik aitortuz...", diote Ikasle Abertzaleek. Eta horri gehitu diote, murrizketek "krisiaren aurretik ere atzeratuta eta nahiko masifikatuta zegoen hezkuntza sistema gogor jo" dutela, "alor publikoa garestituz eta kaltetuz nahiz hezkuntza pribatu elitista bultzatuz".

Eta Unibertsitate mailari dagokionez ere egin dute kritika: "Diru-laguntzak gutxitu egin dira, bekak kendu dituzte, matrikulak izugarri igo dira eta, Bologna prozesuaren ondorioz, unibertsitatea langile apal eta otzanen fabrika bihurtu nahi dute, enpresa handienen zerbitzura". Diote, gainera, gero eta gehiago direla unibertsitatean ingelesez bakarrik eskaintzen diren ikasketak, horretarako geure hizkuntza den euskara baztertuz.

"Jaikitzeko ordua da"

Horregatik eta beste arrazoi ugarirengatik, euskal hezkuntza kinka larrian dagoela iritzita, mobilizatzeko deia egin dute: "Ezin ditugu gutxietsi etsaiak hezkuntzan egin dituen esku-hartzeak. Jaikitzeko ordua da. Ikasleok gehiago antolatu beharra daukagu, eta borroka erradikalizatu behar dugu. Euskal Eskola Nazionalaren oinarriak aldarrikatu behar ditugu uneoro".

Eskualde mailako manifestazioa arratsaldean

Arrasateko Seber Altubetik irtengo da eskualde mailako manifestazioa gaur arratsaldean 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak