Urritik otsailera, "egoera ekonomiko zaila gorabehera" zela, 857 bazkide berkokatzea lortu dute kooperatibek, eta hori "enpleguarekin duten konpromisoaren erakuslea" da, Mondragon Korporazioak gaur prentsa ohar bidez esan duenez.
Berkokapen gehienak Banaketa eta Finantzen arloetan izan dira eta 55 kooperatiba inplikatu dira denetara.
Korporazioak dioenez, "magnitude horiek elkartasunaren isla zuzena dira eta, bereziki, kooperatiba hartzaileek egiten duten ahalegina erakusten dute, iraganean bezala, benetako protagonistak baitira enplegurako benetako irtenbideak sortzeko".
"Gainera, bazkideen kolektiboak bere kualifikazio profesionalean eta laneratzeko bidean aurrera jarraitu ahal izan dezan, Prestakuntza Plan bat diseinatzen ari da, kanpoan geratu diren bazkideei zuzenduta", esan du Korporazioak.
Hona hemen prentsa oharreko testua:
"Kooperatiben lehentasunezko jarduera ildoa soberan dauden enpleguetarako irtenbideak bilatzea da, eta, horretarako, hiru jarduera ildo lantzen ari dira: birkokapenak, aurretiko erretiroak eta Prestakuntza Programa, eragindako kolektiboaren enplegagarritasuna bultzatzeko.
"Neurriak hartzeko azkartasunak aukera eman du, urriaz geroztik otsaila amaitu bitartean, birkokapenen kopurua 857ra iristeko –horietatik %59 gizonezkoak eta %41 emakumezkoak-. Kanpoan zeuden bazkideak hartu dituzten kooperatiben kopurua 55era iritsi da, eta horrek agerian uzten du den-denek enpleguari irtenbideak emateko duten konpromisoa. Gainera, orain arte egindako birkokapenak aldi baterako langileen kontratuak portzentaje handi batean mantenduz egin dira (%50era ere iristen da).
"Halaber, langabezian dagoen kolektiboarentzat konponbidea bultzatzearen ikuspegitik, gaineratu behar da epe laburrera beste 200 birkokapen aurreikusita daudela, aurretiko erretiroen bidetik".
Bazkideen prestakuntza hobetzen
Prestakuntza planaren gainean honakoa dio prentsa oharrak:
"Beste eragile instituzional batzuekin lankidetzan, buru-belarri ari dira lanean Prestakuntza Plan bat osatzeko soberan geratu diren bazkideentzat, helburu bikoitzarekin: profil profesionalak eskariari egokituz birkokapenak bultzatzea, eta kualifikazio profesionala handitzea, titulu ofizialen bitartez.
"Aurreikusten da 200 pertsona inguruk parte hartu ahal izango dutela proposatuko diren prestakuntza jardueretan, eta, horrenbestez, birkokapena finkatzea eta bazkideen enplegagarritasun maila handitzea espero da.
"Kooperatibek berretsi egin dute eredu kooperatiboan duen erabateko konfiantza, izan ere, berezkotzat dituen elkartasun, parte hartze eta lankidetza balioak elementu bereizgarriak dira langabeen kolektiboarentzako irtenbide partekatuak eraginkortasunez eta berehala bilatu ahal izateko".
Cevitalen gaineko epaia
Fagor Etxetresnen harira, Nanterreko auzitegia bihar, hilak 27, da jakinaraztekoa Fagor Brandt filiala Aljeriako Cevital enpresari adjudikatzearen gaineko erabakia, orain dela bi aste erabakia atzeratu ondoren. Erabaki hori jakin arte, Frantziako lantegiak geldirik daude.
Desadostasuna egon da Cevitalen eta konkurtso-agintarien artean Frantziako marka komertzialen balioaren gainean: Cevital taldeak 25 milioi euro eskaini zituen eta Donostiako Merkataritza-Auzitegiak 35 milioi eurotan finkatu zuen balio hori. Frantziako filialen etorkizuna oso garrantzitsua da Garagartza eta Eskoriatzako lantegiena argitzeko, izan ere, Cevitalek Frantziako marken jabe izateari ezinbesteko baldintza deritzo eskaintza osoarekin aurrera egiteko. Eskaintza oso horretan sartzen da ere Poloniako FagorMastercook filiala.