Gizarte ekimeneko ikastetxeetako bi patronal nagusiak Kristau Eskola eta IZEA/AICE dira, nahiz eta beste batzuk ere badauden. Oraingo greba bi egunerako -eguaztena eta eguena- deitu dute ELA, CCOO, STEE-EILAS eta UGT sindikatuek. Helburua da "lan-hitzarmena aplika dezaten" eskatzea, ELAko Hezkuntza saileko Xabier Irastortzaren esanetan. Gaineratzen duenez, hori horrela izan dadin "proposamenak" ipini dituzte mahai gainean, tartean langileenganako zorraren ordainketa atzeratzea, baina "ez dute onartzen", dio Irastortzak.
ELAko ordezkari horrek dioenez, Bizkaian eta Arabako zentro handienetan grebak jarraipen ona izan du orain arte, "baina Gipuzkoan, apalagoa", onartu du.
Euskadin gizarte ekimeneko 200 ikastetxe baino gehiago dago, eta 12.000 langile inguru dituzte denen artean.