Kutxari dirua itzuli behar izatea "orain 13 urteko operazio baten ondorioa da", Ogasunaren esanetan

Leire Kortabarria 2014ko mar. 26a, 10:39

Gipuzkoako Ogasunak Kutxabanki 21,4 milioi euro bueltatu beharko dizkiola ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, Kutxabankek Euskadiko Goi-Auzitegiaren epaiaren gaineko errekurtsoa ontzat eman ondoren. Erreakzioak izan dira erabaki hori jakinarazi zenetik, joan den astelehenean, eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak "orain 13 urte gainbegiratu gabe geratu zen operazio baten ondorioa" dela esan du.

Epaia astelehenean jakin zen: 2001 eta 2005 arteko Sozietate Zergen likidazioarengatik 21,4 milioi euro itzuli beharko zizkion Foru Ogasunak Kutxabanki, entitate horrek Repsolen 1997 eta 2004 artean egin zituen inbertsioengatik.

2011n, Euskadiko Goi-Auzitegiak arrazoia eman zion Foru  Ogasunari. Kutxabankek, orduan Kutxa aurrezki kutxak, "lege-iruzurra" egin zuela ebatzi zuen, Repsolen zituen akzioak bitarteko sozietate baten bidez kudeatzarren 1997 eta 2004 artean.

Baina, martxoaren 6ko sententzian, Auzitegi Gorenak orduko kopuruak eta orduz geroztik sortu diren interesak bueltatzera zigortzen du Foru Ogasuna. Auzitegi Gorenak ez du lege-iruzurrik antzeman.

Foru Aldundiak, 2006an, Kutxari jakinarazi zion 2001 eta 2003 arteko ekitaldiak "egiaztatzen eta ikertzen" hasiko zela, Kutxak Repinves eta Repsol YPF enpresetan zituen partizipazioengatik. Euskadiko Goi-Auzitegiak, Foru Aldundiaren aldeko sententzian, ebatzi zuen Kutxak Repinves erabili zuela Repsolen batzordeetara joatetik eratorri ziren etekin, plusbalio eta primak jasotzeko, eta horregatik Kutxak 22,9 milioiko zergak ez ordaintzeko aukera izan zuela. Auzitegi Gorenak, aldiz, ez du horrela ikusten eta Kutxak diru hori bueltan jasotzeko eskubidea duela ebatzi du.

Orduko arduradunak

Martitzenean, Foru Aldundiak "presazko balorazioa" egin zuen, eta honakoa esan zuen: "Auzitegi Gorenak ez dio heldu gaiaren mamiari, formari baizik, eta ez ditu gezurtatzen 2006an abiatutako inspekzioaren ondorioak".

Larraitz Ugarte bozeramaileak esan zuenez, "Gipuzkoarentzat oso albiste txarra" izan da Gorenaren sententzia, eta orduan Aldundian eta Kutxan zeuden arduradunak gogora ekarri ditu: "Gipuzkoak ia 30 milioi euro galduko ditu. 2001 urtean Ogasunean gainbegiratu gabe utzi zen operazio horren herentzia orain pairatu beharko du Gipuzkoak. Garai hartan, Roman Sodupe zen diputatu nagusia, Antton Market Ogasun diputatua eta Victor Bravo Ogasun zuzendaria. Kutxako lehendakaria, berriz, Fernando Spagnolo zen. Aldundi honen aburuz, larria da finantza entitate batek ingeniaritza fiskala egitea zergarik ez ordaintzeko. Horrek erakusten du entitate horrek herritarrekiko eta lurraldearekiko izan duen konpromiso eza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak