Yllana konpainiak 'Muu!2' lana aurkeztuko du Elgetan, Espaloian

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko mar. 22a, 10:00

Tauromakia munduari eginiko satirazko lana ekarriko du Yllana konpainiak Elgetara.
Yllana antzerki talde ezagunak martxoaren 28an zapalduko du Espaloiko oholtza eta 'Muu!2' izeneko bere azken lanarekin umorez jantziko du Elgetako kafe antzokia.

Espaloitik aditzera eman dutenez, beti izan dute Yllana konpainiarekin eta Madrilgo Alfil antzokiarekin harreman ona. "Oso harreman sendoa izan dugu beti haiekin. Hala, hasierara bueltatzea zirkulua ixteko modu egokia dela iruditu zaigu, eta elkarrekin ospatuko ditugu Yllana konpainiaren 20 urteak eta Espaloiaren 10 urteak". 

Satiraz jantzitako lana

Tauromakiari eginiko satirazko lana da Yllana konpainiak Elgetara ekarriko duena. "Zezenketa mundu horretan dagoen ohoreari, ausardiari eta aberri sentimenduei, bai eta matxismoari eta festa nazionalari egiten zaion satira da", diote Yllanako kideek. Bada, hain zuzen ere, XXI. mendean gizona eta animalia aurrez aurre ipintzen dituen erritua kritikatzen dute.

Duela 20 urte euren opera prima izan zen Muu! lanak ere balore horiexek zituen hizpide, eta bi hamarkada beranduago tauromakian gauzak gutxi aldatu direla-eta gaia berriz jorratzea hautatu dute.

Muu!2 ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko; aurrez erosita 12 euro balio dute eta egunean bertan, ostera, 15 euro. Espaloian eta Kultura Live-ren webgunean eskura daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak