Sari horiekin, Gipuzkoako enpresei "aberastasuna eta enplegu sortzaileak" izatea aitortzen die Bazkundeak.
Bigarren urtez jarraian, Sabadell Guipuzcoano Bankuak babestu ditu sari horiek.
Ordizian dago Orkli S. Coop. Bazkundeak urteko Gipuzkoako enpresa kontsideratzeko, "lurraldearekin eta enpleguarekin duen konpromisoa" baloratu du. "Goiz nazioarteratu zelako eta eraikuntzan, bere sektorean, global playerra izateko apustua egin duelako, krisiak gehien zigortutako sektoreetako baten munduko liderretako bat izatea lortu du", esan du Bazkundeak Orkliren gainean.
Urtean 135 milioiko salmentak
Orkli kooperatiba 1982an sortu zen, baina 1974an du jatorria. Berogailu, etxeko ur bero eta ura berotzeko sistemen instalazioen osagarriak diseinatu, garatu, ekoiztu eta saltzen ditu, eta gasezko etxetresna elektrikoetarako segurtasun sistemak ere egiten ditu. Ordizian du egoitza eta lantegi nagusia, eta Kunshanen (Txinan) eta Sao Paulon (Brasil) beste bi lantegi. 503 langile ditu, urtean 135 milioiko salmentak egiten ditu eta bere produkzioaren hiru laurdenak esportatu egiten ditu. Munduan liderra da gasezko sistemen segurtasun termoelektrikoan, eta Espainiako lider berogailuetarako osagarrien sektorean. Europan ere erreferentea da ura berotzeko sistemen arloan.
Beste honakoa azpimarratu du Gipuzkoako Bazkundeak: "Orkliren kudeaketa parte-hartzean, komunikazioan eta informazioan oinarritzen da. Bazkideek proiektuarekiko bisioa konpartitzen dute, erabakiak agudo hartzen dira, epe luzeko ikuspegia dute, automatizazio maila handia dute eta bazkideek formakuntza maila altua dute, eta goiz irten ziren nazioartera. Horrek denak lurraldeko enpresa lehiakorretako bat bihurtu du Orkli".
Nazioarteratze, industria eta zerbitzu sariak ere eman dira
Beste sari batzuk ere eman dituzte. Hala, Enpresa Nazioarteratzearen saria Irizar Forgeri eman diote. Horretarako, "Irizar Forgeren nazioarteratze prozesu arrakastatsua" kontuan hartu du Bazkundeak, eta horri esker "bertako merkatua jausi izana konpentsatu du".
ETE Industrial Enpresaren saria AVS Added Value Solutions S.L.U. enpresari eman diote. Elgoibarren dago eta zientziaren industrian dihardu. Mundu osoan, zientzia-ikerkuntzarako instalazio handietarako eta ekipamenduetarako soluzio teknologikoak egiten ditu.
Gipuzkoako Zerbitzu Enpresaren saria Donostiako Kendu POS Visual Management enpresari eman dio Bazkundeak.
Sari banaketa Bazkundearen egoitzan izan da. Bertan izan dira Martin Garitano, diputatu nagusia, eta Gipuzkoako enpresa eta ekonomiako ordezkari garrantzitsu asko.