Aitor Mantxola oñatiarra eta Mariasun Pagoaga arrasatearra 'Lasa eta Zabala' filmeko taldean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko mar. 21a, 08:15

Urtarrilaren 27an errodatzen hasi eta egubakoitzean bukatu zuten Pablo Malo donostiarrak zuzendu eta Unax Ugalde protagonista nagusi duen 'Lasa eta Zabala' filma. Izenburuak adierazten duen moduan, 1983an Iparraldean bizi ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabala Tolosako gazteen bahiketa, desagertzea eta erailketa du istorioak oinarri.

Lan-taldean Debagoieneko ordezkaritza ere izan da: Aitor Mantxola oñatiarra, Argazki zuzendaria da eta hark grabatu du, besteak beste, Lasaren amaren paperean sartu den Mariasun Pagoaga Arrasateko aktorea.  Horiekin izan gara, errodajeko bizipenen gainean berbetan.

Istorio eta errodaje gogorra

"Istorio gogor besteko erreala da eta horregatik hasieratik egin behar izan dut ahalegina, egoerak gainditu ez nazan, nire buruari sinestarazten paper bat egiten ari nintzela. Irudi eta une oso gogorrak daude. Elkarrizketa oso gutxi izan ditut, ia ez dut berbarik egiten, semea galdu duen amaren azalean sartuta, keinu eta aurpegi espresioekin sentimendu horiek azaltzea izan da, azken finean, nire lana. Orain arte egindako lanekin alderatuz, oso ezberdina izan da oraingoa" dio Pagoaga aktoreak.

Aitor Mantxola oñatiarrak zinegile moduan eskarmentua duen arren, hark ere gogorra hitza erabili du errodajea definitzeko: "Eguraldi oso txarra egin du eta horrek asko zaildu du grabaketa. Kanpoan grabatu ditugu plano gehienak eta asko gauez;  goizaldeko 5ak jo dizkigute hainbatetan. Trabak traba baina, gustura sentitu naiz horrelako istorio bat errodatzen eta baita etxe ondoan lan egiteagatik ere" dio Mantxolak.

Profesionalak eta lagunak

Egoera gogorrei aurre egiten asko lagundu du lan taldearen profesionaltasunak eta taldeko lagun giroak. "Oso lantalde ona izan dugu, oso prestuak denak. Oso pozik nago sail guztietako kideek egin duten lan handiaz. Aspalditik ezagutzen nuen Pablo Malo, elkarrekin lan egin dugun lehen aldia izan bada ere. Iñigo Iruin abokatuaren azalean sartu den Unax Ugalderekin, berriz, lau film egin ditut. Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta kimika handia dugu. Lankide ona da, asko saiatzen da besteon lana samurtzen. Gainontzeko aktoreekin ere ondo moldatu naiz 80 bat inguru baziren ere; horien artean aurpegi ezagunak, Aitor Mazo, Josean Bengoetxea eta Oriol Vila. Film korala da, hau da, plano gutxi zuten aktore askorekin egindakoa" dio argazki zuzendariak.

Hasiera baten sei egunetako errodaje-plana bazuen Pagoagak, bost egun nahikoak izan zituen:  "Gorpuak ekartzen dituzten unea grabatzeko bi egunetan izan nintzen Tolosan, Iñigo abokatuaren Oiartzungo bulegoan beste baten eta beste biak, errudunen epaiketatan. Aurrez parte hartutako filmetatik ezagutzen nuen ia lan talde erdia, baita Pablo zuzendaria ere. Orokorrean oso jende jatorra da, asko laguntzen dizutenak" dio arrasatearrak eta zera gaineratu du: " Joxean Lasaren Axun arrebarekin ere egoteko aukera izan nuen. Oso ondo moldatu ginen. Oso pozik daude filmarekin; euren esanetan, gazteek bereziki, ez dute gertatutakoen berri zuzenik eta horrez gainera, senitartekoek bizitako prozesu luze eta gogorra ondo laburbiltzen duelako".

Zinemaldian estreinatu guran

Dagoeneko hasita daude muntaia lanetan, nahiko aurreratuta doazela dio Mantxolak: " Pascal Gaigne ere badabil soinu banda konposatzen. Udaran sartuko naiz ni laborategian koloreak eta horrelakoak ajustatzeko helburuaz. Dena ondo bidean, Donostiako Zinemaldian estreinatzea da gure asmoa".

Euskaraz eta gazteleraz

2.000.000 eurotik gorako aurrekontua du filmak eta formatu digitalean grabatu dute, euskaraz eta gazteleraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak