Gaztempresak 265 enpresa eta 458 lanpostu sortzen lagundu zuen iaz

Leire Kortabarria 2014ko mar. 18a, 13:12

Laboral Kutxaren Gaztempresa Fundazioak 265 enpresa sortzen lagundu zuen 2013an. Enpresa horiek 458 lanpostu sortu zituzten guztira. 2012an, 211 enpresa eta 389 lanpostu izan ziren.

Gaur, martitzena, Gaztempresa Fundazioaren 2013ko jardueraren berri eman dute Bilbon Xabier Egibarrek, Gaztempresa Fundazioko presidenteak; Ricardo Barkalak, Enplegu eta Gizarte gaietako sailburuordeak; eta Inmaculada Ramosek, Gaztempresa Fundazioko zuzendariak.

Bi zati izan ditu prentsaurrekoak; lehenengoan, ekonomia testuingurua eta aurreikuspenak azaldu dituzte, eta segidan, Gaztempresa Fundazioaren berri eman dute, testuinguru horretan.

Datu deigarrienen artean hauek eman dituzte: Gaztempresak %25,5 enpresa gehiago finantzatu zituen iaz 2012an baino, eta inoiz baino diru gehiago eman du horretarako: 5,902 milioi euro baino gehiago. "Horrek Euskadiko fundazio lider bihurtzen du Gaztempresa enpresa-ekintza berriak babesten", esan dute arduradunek. Bere ibilbide osoan, Gaztempresak 3.000 enpresa baino gehiago sortzen lagundu du, eta horiek 6.000 lanpostu baino gehiago sortu dituzte.

Emakumea, 38 urtekoa eta unibertsitate-ikasketaduna

Ekintzaileen profila marraztu dute. Erdiak baino gehiago (%53) emakumeak dira, eta %47, gizonezkoak. Batez beste, 38 urte ditu ekintzaileak, eta %30ek unibertsitate mailako ikasketak dituzte. Enpresa berri gehienak (%59) zerbitzu sektorekoak dira; %35 komertzioak dira, eta %6, beste sektore batzuetakoak. Batez beste, ekintzaile bakoitzak 52.700 euro inbertitzen ditu, eta batez besteko mailegua 38.100 eurokoa da.

Gaztempresak sendotze-tailerrak, seminarioak, sare soziala eta Consulting Pro erremintak ere baditu. Azken horrek 421 kontsulta atenditu ditu aurten, enpresen eta autonomoen premiei egokitutako irtenbideak emateko.

"Testuinguru itxaropentsua"

Hori dena ekonomia testuinguru "itxaropentsu" baten kokatu zuten arduradunek: "Munduko ekonomia-gune nagusietako Barne Produktu Gordinak zifra berdetan egongo dira 2014an. Munduak hazkundearen bideari eutsi dio berriz", esan zuten, gogoratuz, halere, mundu osoan 200 milioi langabe baino gehiago utzi dituela krisiak, eta "seguruenik handitu" egingo dela zifra datozen urteotan. Edozein modutan, hazkundeari esker, krisitik irteera gertu dagoela aurreratu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak