1. Ocho apellidos vascos-en Koldo zara. Aurkeztu iezaguzu.
Arrantzalea da, patroia, EAJkoa, eta emazteak Sevillako batengatik utzi zuen. Hamar urte dira bere alaba ez duela ikusten, eta berreskuratu gura du.
2. Ez zen zaila izango pertsonaia eraikitzeko ereduak topatzea...
Ez. Leintz Gatzagan jaio nintzen eta aitak-eta errazago egiten zuten euskaraz gazteleraz baino. Eman diodan azentua aitari eta Debagoienekoei omenaldia izan da.
3. Zer izan zen erabakigarria pelikulari baietz esateko?
Betiko galdera da: "Nor da zuzendaria?". Borja Cobeagaren gidoia oso ondo zegoen eta Carmen Machi, Dani Rovira eta Clara Lagorekin lan egitea interesgarria zen. Gainera, euskaldunak imitatzeko ohiko erak gogaitzen nau, eta beste modu baten egiten saiatu naiz.
4. Nori ematen zaio egur gehiago pelikulan: euskaldunei ala andaluziarrei?
Kontua ez da hori: gidoilariak anaitzen, sendatzen saiatu dira. Topi-koak topiko dira; beraietaz barre egiten jakitea da interesgarriena.
5. Nola pasatu zenuen hobeto: gidoia irakurtzen, filmatzen edo pelikula ikusten?
Ez dut ikusterik izan. Filmatzen oso ondo pasatu nuen: zuzendariak giro bikaina sortu zuen. Ezohikoa da bosgarren hartzean ere lantal-deak barre egitea; seinale ona da.
6. Nolakoa irten da aktore beteranoen eta gazteagoen konbinazioa?
Mahai batentzat hanka onak gara: Carmen Machi eta ni beteranoagoak; Clara Lago, ederra izateaz gain, oso aktore ona eta azkarra; eta Dani Rovira, aurpegi berezia eta sekulako talentua duena. Zuzendariak jakin du denokin jolasten.
7. Bajo Ulloa, Medem, De la Iglesia, Calparsoro, Uribe... Badirudi zuzendari euskaldunentzat ezinbestekoa dela noizbait zurekin lan egitea.
Zortea izan dut. Ustea da Euskadin zinemak Gobernuaren babes handia duela, eta ez: kontua da jende gogotsu asko egon dela. Baina non bizi dira denak? Madrilen.
8. Zuk zeuk ez duzu berriz ere zuzendari izateko gogorik?
Ez. Azken aldiz ez nuen ekoizleen babesa sentitu, sabotajea baizik. Ekonomikoki ere ez du merezi: aktore nagusi zortzi aste, zuzendari moduan bi urte baino hobeak dira. Aktore eta gidoilari hobeto ikusten dut neure burua.
9. Zertarako balio du Goya sariak?
Nire kasuan, txano bat eusteko. Askori gertatu zaio irabazi eta gero lan barik egotea, gehiago kobratuko dutela uste delako. Nik urtetxo bat eman nuen lehorrean.
10. Haurtzaroa Leintz Gatzagan: oroitzapen batekin geratzekotan...
Haurtzaroak beti dira zoragarriak. Adibidez, frontoiko zoruan gurina jartzen genuen, eta gero patinatu. Sekulakoak hartzen genituen!
----------
Makila magikoa baneuka: "Almikia alderantziz egingo nuke: urrea kaka bihurtu. Horrela, urre gehien duenak, kaka gehien izango luke"