Rikardo Arregi kazetaritza sariaren 26. aldiaren atarian

Miren Mujika 2014ko mar. 11a, 16:44
Goienak irabazi zuen Rikardo Arregi kazetaritza sariaren 23. aldia.
Dagoeneko mende laurdena gaindituta, 26. ediziora iritsi da sariketa. Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Ainara Rodriguezek, Andoaingo Udaleko alkateordeak, eta Arantza Aguadok, Andoaingo Udaleko Euskara teknikariak, sarien aurkezpena egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzan.

Ainara Rodriguezek eta Arantza Aguadok bertan azaldu duten moduan, helburua da euskarazko kazetaritzan, edozein euskarritan -prentsa idatzian, irratian, telebistan, Interneten-, 2013ko maiatzetik 2014ko maiatzera bitartean egin diren lanen artean eredugarri direnak nabarmentzea eta saritzea.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honako hau adierazi du bere agerraldian: "26 urte bete ditu Rikardo Arregi sariak. Mende laurden pasatxo honetan berak irabazi du, bere merituei esker, euskarazko kazetaritzaren sari nazioanal izatearen aitormena". Zera ere gehitu du sailburuordeak: "Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezko ildoa da euskara komunikazioaren eta hedabideen munduan gero eta gehiago sendotzea, euskarazko informazio eta entrenimenduak gero eta kontsumitzaile gehiago izatea, euskarazko hedabideen jarduna babestea eta gaztelania nagusi duten hedabideetan ere euskararen presentzia areagotzea". 

Bukatzeko, euskarazko komunikazioak abantaila bat duela aipatu du; izan ere, "euskarazko kontsumitzaile potentzialak dira beste inor baino gehiago hazten ari direnak, etengabea izan delako euskaldun berrien hazkundea azken bizpahiru hamarkadotan. Kontsumitzaile erreal bihurtzea da erronka, eta denok asmatu beharko dugu, baina bereziki kazetaritzako profesionalek eta hedabideek asmatu beharko dute erronka hori gainditzen".

Saria Andoaingo Udalak sortua eta kudeatua da, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta babesarekin. Aurten, bi atal izango ditu sariak.

  • 26. Rikardo Arregi Kazetaritza saria, 9.000 euroko sariarekin.
  • Kazetari Berria saria, 3.000 euroko sariarekin.

Era berean, kazetari profesionalez osaturik dagoen epaimahaiak (Allande Boutin, idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias) erabaki dezake sari ekonomikorik ez duen Epaimahaiaren sari berezia ematea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak