Ondorioak aterarazteko egindako lana

Leire Kortabarria 2014ko mar. 8a, 00:00
Amets Arzallus.
'Y' belaunaldiaz eta kulturgintzaz hitz egiten duen lana egin dute Ander Bolibar bergararrak eta Kepa Matxain añorgatarrak Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikertegirako. 'Erretenak' du izena dokumentalak, eta 80ko hamarkadan jaiotako zazpi lagunen adierazpenak batzen ditu. Sarean zintzilik dago bideoa eta 1.800 bisita baino gehiago izan ditu dagoeneko.

Erantzun bila 

Transmisioa eta kulturgintza ditu ardatz dokumentalak, baina belaunaldiaren definizioak ere jakin-mina eta eztabaida piztu du: Zer da Y belaunaldia? X-aren ondorengoa? Nortzuek osatzen dute? Prakak ipurdi erdiraino jaitsita dituzten gazteek?

Dokumentalaren egileek, baina, lanaren ardatza hartu dute oinarri hausnarketa egiteko, Y belaunaldiaren definizioa zehaztu barik. Horrela, bestelako galdera hauen erantzunak bilatu gura izan dituzte: Nolako kezkak dituzte? Sentitzen al dute euren burua belaunaldi bateko kide? Ze iritzi dute kulturgintzako problematika orokorrez? Nola bizi dute transmisioaren gaia, edo tradizioaren berrikuntza, edo lehendik datorren fluxuari segida ematea? Ander Bolibarrek hauxe esan du: "Hainbat ideia plazaratu nahi izan ditugu, eta ikusleari esan: 'atera orain zure ondorioak".

Grabazioak 2013ko udaberrian egin zituzten Donostian, Gasteizen, Gernikan, Soraluzen, Tafallan eta Zarautzen. Zazpi lagun, "fluxu horretako zazpi erreten", elkarrizketatu dituzte, erantzun bila. Kazetaritza, bertsolaritza, literatura, soziologia eta musika alorretan dihardute, besteak beste. Amets Arzallus, Jon Benito, Garazi Arrula, Leire Lopez, Beñat Sarasola, Jokin Azpiazu eta Andoni Olariaga dira, hain zuzen, elkarrizketatuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak