Hori bai, horrekin batera, aitortu dute Debagoieneko udalerri gehienetan ibili direla euren negozioa hona ekartzeko egon daitezkeen aukerak aztertzen, baita Arrasaten ere. Esandakoaren arabera, "interesa" badute-eta, inguru honekiko.
Baina gaineratu dute "momentuz dagoena zurrumurrua" besterik ez dela. "Negoziazioak badaude han eta hemen, baina negoziazioak apurtu egin daitezke, baldintzak, prezioak… aldatu. Gauzak horrela, oraindik orain ez dago ezer sinatuta eta ez dugu ezer sinatzeko asmorik epe motzean, ez behintzat martxoa eta apirila bitartean", adierazi dio Goienari Nahia Nebrak, Euskadi eta Nafarroako Mecadonaren komunikazio arduradunak.
"Hala ere, Mercadonaren enpresa politika da aztertzen ditugun udalerrietako udaletxetara joan eta gure zabaltzeko asmoen berri eta gure proiektuaren berri ematea. Eta hori, adibidez, bai ibili gara egiten Debagoien inguruko udaletxe gehienetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste askotan moduan. Izan ere, urteak daramatzagu ingurua aztertzen".
Aurten, Gasteizen
Eta azterketa horren emaitzak aurten bertan ikusten hasiko garela ere jakinarazi du Nebrak, aurten bertan hasiko delako Mercadona Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritza zentroak zabaltzen. Ez hori bakarrik, datozen urteotarako Euskal Autonomia Erkidegorako hedatze-plana ere eginda dutela aurreratu du Mercadonako komunikazio arduradunak:"Sei urtean 25 merkataritza zentro zabaldu behar ditugu EAEn. Eta aurten halako hiru zabalduko ditugu Gasteizen".
15 erkidegotan
Gaur egun Mercadonak Espainiako 15 erkidegotan ditu saltokiak, 46 probintziatan. Guztira, 1.475 supermerkatu ditu eta 70.000 pertsonak dihardute bertan lanean.