Tapiarekin batera, Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloa eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáez izan ziren. Oronako arduradunekin bildu ziren, eta horiek Orona Ideo proiektua azaldu zieten.
Orona IDeO – innovation city izena izango du hiri-mugikortasun jasangarri eta autonomo baterako Europako lehen ikerketa- eta berrikuntza-zentroak. 70 milioi euroko inbertsioa izan du, eta dagoeneko eraikitzen ari dira. 40.000 metro koadroko azaleran eraikiko diren eraikinetan, bada, etorkizuneko irisgarritasun- eta mugikortasun-sistemak diseinatuko dira.
Arantza Tapia sailburuak Oronak, erakunde publikoen laguntzarekin, egindako apustua nabarmendu du; izan ere, "balio handiagoa emango dio Miramongo teknologia-parkeari, I+G+b-ren funtsezko aktoreak –hots, enpresak, I+G+b-ko teknologia-zentroak eta unibertsitateak– bateratzen dituen ingurune fisiko bat sortuko baitu", arduradunen esanetan.
Emaitza onak
Mondragon Korporazioko Industria saileko kidea da Orona. Aurten, 50 urte egiten ditu. 2012ko ekitaldian, 83,4 milioiko irabaziak izan zituen, eta Brasilgo Grupo AMG Elevadores erosi zuen. Krisi garaian ere, salmentak handitu ditu: 2012an, aurreko urtean baino %2,3 gehiago, denetara 569,1 milioi.