Nagore Aranburu: "Aktore moduan, zorrotzagoa naiz nik idatzitako testuekin"

Txomin Madina Milikua 2014ko mar. 6a, 00:00
Nagore Aranburu aktorea.
Aste bete-beteak ari dira izaten aktore azpeitiarrarentzat: telebistan, ETB1eko 'Nago' saioan ikusten dugu; agertokietan, 'Potologoak' obra estreinatu berri du.

1. Erreportaje saioa, estreinatu berri duzuen obra... Estresik bai? 

Estresik ez dut izan; nekea bai, entseguak eta grabaketak pilatu direnean. Aurre egiteko onena da lo ondo egitea eta zereginak umorez hartzea.

 

2. Jaio da Polotogoak. Nolakoa irten zaizue umea?

Buruhandi samarra. Kosta zaio ateratzea! Lehenengo emanaldietan oso erantzun ona izaten ari gara. Antzoki oso bat leporaino beteta barrez lehertzen ikustea gozamena da.

 

3. Eguneroko kontuei punta ateratzen diezue obran. Bizitza arrunta da inspirazio iturri emankorrena? 

Niretzat bai, batez ere bakarrizketak idazteko: ikuslea ere identifikatuko den eguneroko hori.

 

4. Egoitz Lasarekin eta Pagadirekin, hirukote iraunkorra osatu duzuela esan dezakegu...

Bai. Wazemank-en ezagutu genuen elkar eta ordutik lan asko egin dugu batera. Ondo moldatzen gara. Oso ezberdinak gara, baina ederki elkar osatzen dugula iruditzen zait; horrek aberastu eta erraztu egiten du lana batera gaudenean.

 

5. Aktore moduan, alde handia nabari duzu testua zuk edo beste batek idatzi?

Nik idazten ditudanean zorrotzagoa izaten naiz. Eta gidoilari ere izan naizela ahaztea zaila izaten da. Testua beste batena bada, libreago sentitzen naiz lanean.

 

6. Nago-n, aldiz, kazetari rola hartu duzu. Zelan elkarrizketatzaile lanetan?

Galdetzaile lanetan, ondo. Ikasten. Berria da niretzat. Saioan, benetako kazetariak kameraren atzean daude, nire galderak eta aurkezpenak prestatzen. Kuxkuxeroa naizen? Egunak izaten ditut...

 

7. Zergatik esan zenion saioari baietz?

Azkenaldian erosoago nabil besteek sortzen dituzten proiektuetan neuk sortutakoetan baino. Urte asko daramatzat eguneroko sortze lanean eta nekatuta nengoen. Nago-n egiten dudana aktore lana da eta momentu oso egokian etorri da. 

 

8. Noiz ikusiko dugu Loreak, pantaila handirako egin duzun azken lana?

Ez dakit data zehatzik. Badakit filma bukatuta dagoela, eta, zuzendariek esan didatenez, gustura geratu dira emaitzarekin. Badaukat ikusteko gogoa...

 

9. Pazientzia omen duzu bertuteen artean. Aktore izateko, beharrezkoa da?

Beharrezko ez, baina niri, behintzat, asko laguntzen dit. Zerk galarazten didan?Adibidez, entzuten ez duen edo ez dakien jendeak. 

 

10. Googlen zure izena sartzean lehia gogorra duzu...

Nahiko adarjotze izaten dut, bai, horren kontura.

----------

Makila magikoa baneuka: "Aurrekoan Reala-Barça partiduan zegoen jendetza antzoki batean ikustea gustatuko litzaidake, behin!" 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak