"Zirauna Infisportek lortu du dagoeneko garaipenik garrantzitsuena, hemen egotea"

Xabier Urtzelai 2014ko ots. 27a, 22:04

Iker Eskibel, Iñigo Azkarate, Alex Aranburu eta Unai Mendikute.
Zirauna Infisport talde arabarra aurkeztu dute Gasteizen, eta Lakua hotelean egindako eszenaratzeak garbi utzi du Gorka Beloki eta konpainia ez datozela errepidera denbora-pasa. Ezta ere taldean izango diren hiru txirrindulari debagoiendarrak, Unai Mendikute (Aretxabaleta), Alex Aranburu (Arrasate) eta Iker Eskibel (Eskoriatza). Eurekin batera izango da, zuzendaritza taldean, Iñigo Azkarate arrasatearra. Astelehenean, Harmailatik saioan izango dira proiektu berriaren gainean, eta denboraldiaren gainean berba egiteko.

Poliki-poliki, Lakua hoteleko areto nagusia jendez betetzen joan da, txiki geratu arte –eta areto handia da–. Ordezkari politikoak, txirrindulari oihak, babesleen ordezkariak, lagun eta etxekoak... Jende asko batu da Zirauna Infisport taldearen aurkezpenean –eta tartean Debagoieneko jende asko.

Txirrindulariak banan-banan aurkeztu dituzte, eta tartean egon dira ibarrekoak, Mendikute, Eskibel, eta Aranburu. Esker oneko berbak babesleei, eta baita Diputazioaren babesari ere. Orain, baina, hori guztia errepidera eraman behar da, eta joan den asteburutik hasi ziren Zirauna Infisportekoak protagonismo bila, saririk jaso ez bazuten ere, lan galanta egin zutelako Zumaiko (Euskaldun Torneoa) eta Soraluzeko (Lehendakari) lasterketetan. "Ea horri buelta ematen diogun, ezin genezake horrenbeste lan egin, eta saririk ez jaso", adierazi digu taldeko ordezkarietako batek, Iñigo Azkaratek. Arrasatekoak badaki, baina, lehenengo nobatadak ordaindu beharrekoak direla, eta ikasgai ederrak direla horiek. 

Oraingo asteburuan izango dute hurrengo aukera, hiru lasterketetan izango direlako arabarrak: Kantabrian bi, eta Ereñon bestea. Hitzordu horietan izango dira, baita ere, Debabarrena eta Gipuzkoa taldeetako gainontzeko ordezkari debagoiendarrak.

Martxoaren azken asteburura arte, baina, ez da amateur mailako txirrindularitza gurera etorriko, izan ere, martxoaren 30ean egingo dute Gorlako Igoera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak