Urko Aristi: "Egoera zailean gaude Nafarroako euskarazko komunikabideok"

Eneko Azkarate 2014ko mar. 3a, 09:00

Urko Aristi (Ibarra, 1977) da joan zen zapatuaz geroztik Tokikom elkarteko presidente berria, Mikel Irizar ordezkatuz. Tokikom elkartean batzen dira euskarazko tokiko hedabidek, tartean Goiena. Helburuez, erronkez eta elkarlanaz dihardu Aristik, ETBko eguraldi tartearen arduradunak.

Euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom elkarteko administrazio kontseiluan jardun duzu azkeneko urteotan Nafarroako Mailope elkartearen izenean. Orain, presidente kargua hartu duzu Mikel Irizar ordezkatuz. Zela?

Gogotsu. Erronka handia da, baina inguruan sumatzen dudan energia eta ilusioak aurrera egitera bultzatzen nau. Euskalgintza eta herrigintza, biak uztartzen ditu Tokikomek, eta horregatik asebetetzen nau. Eraikuntza horretan ezertan lagundu ahal badut, egin egingo dut.

Noiz, zeinek eta zela proposatu zizuten kargurako?

Mikelek berak egin zidan proposamena, eta ederki asmatu nola egin gainera. Euskal Herrian, oro har, baina Nafarroan bereziki badira hainbat proiektu interesgarri, eta arduraz eta koherentziaz jokatuta, ezin ezezkorik eman. Bestalde, Goienarako ari naizenez, azpimarratu nahiko nuke bereziki zuen ordezkariak izandako eskuzabaltasuna. Elkarterik txikieneko kide naiz ni, eta bidea berak zabaldu zigunez, eskertzekoa ez ezik adierazgarria ere iruditzen zait. Eskertua beraz.

Ez zenuen zalantzarik izan?

Bai, izan nituen. Batetik, nire lana eta ardura berria biak uztartzerik izango ote nituen, liberatu gabea izanda, nahiko astirik izango ote nuen... Baina Mailopen 20 bat urtez aritu izan gara asteburuetan, hala nola, aldizkaria ateratzen, eta lanalditik aparteko lanak, militantziak eskatutakoak nolakoak diren badakit jada. Hitz potoloetan baino, egunerokoak erakutsi digu guri saretzearen beharra... Eta, bestetik, hain zuzen, jendeak goiko solairuarekin identifikatuegia ote ninduen... Azkenean horri buelta eman eta pentsatu nahi izan dut bi solairuetan arituta, bien arteko igogailuak erraztuko dituela horrek.

Zein da une honetan erronkarik nagusia Tokikom-eko presidente moduan?

Hazia erein dugu, eta zuhaitza ari da koxkortzen. Orain enborra zuzentzen izango dugu lana, eta dagoeneko hasi diren fruituak bildu, haiei azukrea bota eta konpota egin. Oinarriak ezarri ditugu, eta ongi ezarri gainera. Bai sektoreak, bai erakundeek, onartu dute gure solaskidetza. Gure burua ezagutarazten aritu behar izan dugu bi urte hauetan, bide hori ereinda, orain etxe barrukoak ere txukunduko ditugu.

Bi urte egin ditu Tokikom-ek. Sorreran ezarritako helburu edo asmoak betetzen ari direla uste duzu?

Bai, inolako zalantzarik gabe... Duela bi urte gauden puntuan egongo ginela esango baligute, behar bada ez genuke sinistu ere egingo... Sorrerako unean argi genuen denborak erakusten bazuen Tokikom alferrikakoa zela, ez genuela horretan jarraituko. Denborak erakutsi digu, ordea, zentzua izan baduela, eta uste genuen moduan, guztiz beharrezkoa dela. Emaitzek hori erakutsi digute. Argi eta itzalak badira, jakina, baina horiek ere aurrerantzean jorratu beharreko bidea erakutsi digute.

Tokiko hedabideen arteko elkarlanak gaur egun baino fruitu emankorragoak lor dezakeela uste duzu?

Ideiak idatzizkoak direnean baino, gauzatzen direnean, ikusgarriagoak eta ulertzen errazagoak izan ohi dira. Orain arte proiektu bat genuen jendeari erakusteko, ideia bat, asmo bat... Orain aldiz, fruituak ditugu, asmo horien emaitzak. Eta emaitza horiek ikusita, lehen kili-kolo edo zalantzan zebilenak argiago ikusiko du gurera hurbiltzearen abantaila, eta dagoeneko josten hasi garen sarea zabalduko denaren zalantzarik ez dut.

Ze norabidetan eman daiteke elkarlan hori, tokiko hedabideen aniztasuna kontuan izanda: produktu komun bat? Edukiak konpartitzea? Eduki komunak argitaratzea?

Ahulen arteko batasunaz eta indarraz aritzen gara gu maiz. Norberak berean dituen zailtasunak elkar hartuta gainditzen errazagoak direla, alegia. Auzolana. Hori gauzatzeko, egun, biderik eraginkorrena plataforma digitalarena dela uste dugu, beste euskarri batzuetan baino bideragarri eta egingarriagoa dela uste dugulako. Eskualdekako atariak batuko dituen atari bakar batek aukera aunitz ematen du: agenda bateratua, euskal herri osorako gida komertziala, albiste trukaketa... gero norberak berean erabili ahalko dituenak, eta sarearen bidez, etxeko atetik harago ezagutarazi ahal dituenak.

Plataforma berdina erabilita, hainbat webgune bultzatu ditu Tokikom-ek, horien artean, Goiena.net eta oraingo astean aurkeztuko den Bilboko Uriola.info. Beste batzuk etorriko dira?

Oraintxe bertan bost dira. Aipatutako bi horietaz gain, Tolosako Ataria, Guaixe eta Anboto. Eta bai, hauek sortutako enbor beretik etorriko dira besteak... Hainbat saiakera badira han eta hemen, eta besteak beste, balio sinbolikoak duten batzuk ere bai: Araban, Nafarroan...

Zer eman dezakete webgune horiek eta guziek plataforma berarekin egin izanak?

Batzuk eta besteek garatutakoak beste eskualdeetan ere erabiltzeko aukera, batetik. Eta indarra. Bakarka baino, denak saretuta, talde bakarrean, sektore barruan gure pisua zenbatekoa den azaltzeko aukera. Txikitik abiatuta besteek bezain handi bagarela erakusteko aukera, eta kontutan hartu beharreko taldea beraz.

Tokiko hedabideen artean ez ezik, maila nazionaleko euskarazko hedabideen arteko elkarlana ere bultzatu nahi du Tokikom-ek. Ze fruitu eman dezake horrek?

Hori da bide bakarra. Alferrikako liskarretan aritu beharrean, guztiak ere norabide berberean ari garenez, batera arraun egitea. Sektorearen indartzea ekarriko du horrek. Elkarren etsai baino, laguntzeko prest dagoen kide gara, eta sektore estrategiko bateko kide. Osagarritasunak jorratu, eta guztien artean bazter eta gai guztietara iritsi.

Euskadi Irratiarekin bezala, Euskal Telebistarekin ere antzeko zerbait egin daitekeela uste duzu?

Bai, noski! Telebistan beti prozesu guztiak geldoagoak izan ohi dira, mantsoagoak..., baina irratikoak erakutsi du elkarkidetza posible bezain aberats dela. Nola, noiz eta non finkatzea baino ez da falta. Bi solairuen arteko igogailu horiek finkatu. Baldintza teknikoak konplexuagoak dira akaso telebistaren kasuan, baina egin egingo dugu. Ziur!

Ze jaso dezake tokiko hedabide batek nazio mailako hedabide batetik, hau da, zein izan daiteke handiaren ekarria, zela gauza daiteke hori?

Argi dago handiak ezin duela toki guztietara heldu, eta iristen ez den horietara ailegatzeko beharrezkoa izango du txikia. Txikiari, berriz, hainbat kontu handiegi geratzen zaizkio, eta horretarako jo dezake handienera. Zuloak estaltzeko, batetik, eta babesa eskuratzeko bestetik. Birziklatzea da kontua. Pilota partidu honetan biak iritsiko direla 22ra, alegia, elkarren kontra baino, parez pare aritzeak partiduan aurrera egitera behartuko gaituela, eta jokoari gogoz eustera bultzatuko gaituela.

Diru-laguntzak: urtez urteko laguntzen ordez, urte anitzeko deialdiko hitzarmenak bultzatu nahi dituzue Tokikom-etik?

Bai, aldaketa hori ezinbestekoa dela uste dugu. Egungo sistemak hainbat arazo sortzen die gure elkarteei. Bestelako diru sarrerak jorratzen baditugu ere, bazkideen, publizitatearena... Oraindik ere elkarte gehienok diru publikoarekiko dependentzi handi xamarra dugu, eta diru hori zatika eta berandu iritsita, likidezia arazoak sortzen dizkigu maiz, esaterako. Epe motzerako asmoekin aritzera bultatzen gaitu, eta epe luzera begira jarri nahi badugu, hitzarmengintzak emango ligukeen egonkortasuna ezinbestekoa dugu.

Nafarroatik zatoz zeu. Zein da egoera Nafarroan euskarazko tokiko hedabideen dagokienean?

Egoera zailean gaude Nafarroako komunikabideok. Ezin ahaztuko dugu jada batzuk itxi behar izan direla: Ttipi Ttapa telebista, Esan Erran Irratia, Beleixe Irratia... Eta beste batzuk kinka larrian gaudela. Aurrean nor dugun badakigu: Nafarroako Gobernua. Gurea dena ukatu egiten digu, eta aspaldian diru laguntzak kendu egin dizkigu. Baina era berean esango nuke horrek indartu eta sendotu egin gaituela. Gobernuaren enbidoari, hordagoarekin erantzun diogu guk.  Horrek batzera eraman gaitu, jabetu garelako horrela baino ez dugula aurrera egingo. Hamaikagarren makilakada jaso eta halere borrokan jarraitzeko grina duen lagun asko da Nafarroan zorionez.

Hedabide berriak sor daitezke Nafarroan?

Horretan ari gara. Elkarlanaren ondorioz aurki izango dugu esaterako Iruñerrirako agerkari digital bat. Mendialdean halako bat gauzatzeko asmoa ere bada Cederna Garalurren laguntzaz, eta Udalbiltzarekin batera Pirinioetako bi aldeak uztartuko dituen egitasmoa jorratzen ari gara. Horri gehitu behar zaio Xaloa Telebistak eskuratu duela lizentzia Iruñerrian aritzeko... Asmorik eta lanik ez da faltan, bistan denez.

Eguraldi kontuetan murgilduta zaude ETBn. Zergatik erakartzen du horrenbeste ikus-entzulea eguraldiak?

Bai lanerako, bai aisialdirako, ezinbestekoa dugulako eguraldiaren berri jakitea. Gure aldartean ere eragina izan ohi du. Eta gainera, euskaldun guztiok badugu meteorologo txiki bat gure barruan... Eta tira, produktu txukuna egiten dugulako ere izango da akaso, ezta? (kar-kar...).

Hekimen, euskarazko hedabideen elkarteko parte ere bada Tokikom. Gustura zaudete horrek orain arte emandakoarekin?

Bai, oso. Hori da gure diskurtsoan eta gure asmoetan ongi gabiltzanaren adibide. Sareak josi behar ditugu, norabide guztietan, eta orduan eta elkargune izan, orduan eta aberatsago eta emankorragoa izango da gure lana. Hekimenen barruan badugu pisua, gainerakoek onartu dute gure solaskidetza, eta keinu politak izan dira, lehendakaritza gure esku uztearenaren modukoak. Bide onean goazela guztiok, alegia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak