Arizmendiko Jose Arana guneko umetxoak, baserritarrez jantzita, San Pedroko elizpera irten dira, eguraldi txarra zela-eta ikastetxean bertan geratzea zen arren hasierako asmoa; San Pedroko elizpera irten dira, esan moduan, eta han egin dute kantuan, jakiz betetako ziriak eskuetan zituztela.
Luis Ezeizako Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako neska-mutikoek, ostera, urteroko bisita egin dute herriko zaharren egoitzara. Han bizi direnek pozik hartu dituzte umeak, noski, eta abestu ostean, gozokiz betetako poltsa eman diete opari moduan. Jarraian, pilotalekurantz abiatu dira; zain zituzten han Haur Hezkuntzakoak, elkarrekin abesteko eta txistorra beroa jateko gertu.
Arratsaldean eta datozen egunetan, gehiago
Arratsaldean jarraituko du ospakizunak Eskoriatzan. Azken urteotako ohiturari jarraituz, antzerkia izango dute kiroldegian: oraingoan, Tomaxen abenturekin primeran pasatuko dute, 17:30ean hasita. Eta pailazoen ikuskizunaren ondotik, txokolate beroa banatuko diete plazan. 18:00ak aldera izango da hori.
Eta gaur, eguen gizen egunez, izango da Aratusteetako lehen ekintza Bergaran ere: 19:00etan, sorgin dantza izango da, herriko kaleetan. Xamatz taldeak eskainiko du, Bergarako Udal Txistulari Bandaren laguntzarekin. Bergaran tradizionalki egiten zen moduan, hartza ere aterako da hezitzailearekin. Musika eskolako trikitilariak ere arituko dira kalejiran; San Martin plazan, Barrenkalen, Simon Arrietan, Fraiskozurin eta Martinez de Iralan egingo dituzte geldialdiak.