BBVAk saldutako ekarpenen dirua Eroskik ordaindu behar duela dio orain epaileak

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 27a, 08:48
Eroskiren hipermerkatua, Arrasaten.
Iritzia aldatu du Marcos Bermudez epaileak, eta ekarpenen dirua Eroskik pagatu behar diola bankuari dio orain, kontratuak baliogabetzearen "zeharkako ondorio" gisa. Hori da, azkenean, Adicaek Bilboko epaitegian jarritako auzi eske kolektiboaren salaketaren harira emandako ebazpenaren ondorioa. Horren aurrean, ondorengoa adierazi du Eroskik: "Absolbitzen gaituen epai batek ezin digu kalterik egin".

Epailearen azalpen berriek irizpide aldaketa dakarte. Urtarrilean emandako epaian zion Mondragon taldeko kooperatiba handienak igorritako ekarpenak ez zirela engainuzko publizitate baten bidez merkaturatu, eta haien kontratazio baldintzak ez zirela abusuzkoak izan; salmenta egin zenean, ordea, bezeroek ez zutela erosten ari ziren horren betikotasunaren berri eduki. Horregatik, Bilboko Merkataritza epaitegiak bankua zigortu zuen.

Adicaeren auzi eskearen barruko 68 bezeroei ekarpenen truke ordaindutako dirua itzuli behar ziela esan zuen epaileak orduan; orain, berriz, BBVAren eskariz egindako auto argigarriaren bidez, diru hori ordaintzea Eroskiri dagokiola ebatzi du. Kontratuen baliogabetzeak eragindako "zeharkako ondorioa" da hori, epailearen hitzetan eta, ondorioz, Eroskik itzuli beharko dio BBVAri 68 bezero horien menpeko ekarpenen dirua –"interesak eta komisioak kenduta"–, hark bezeroei emateko.

Eroskiren ekarpenen inguruko lehenengo salaketa kolektiboaren emaitza aldatu egin da hein handi batean, beraz: jatorrizko ebazpenean finantza produktua igorri zuena (Eroski) absolbitu egin zuen epaileak, eta produktua saldu zuena (BBVA) zigortu.

Nork jarri behar du dirua?

BBVAk epaileari dirua nork jarri behar zuen argitzeko eskatu izanaren ondorioz etorri da ebazpen berria; izan ere, bankuak Eroskiren produktua saldu zien bezeroei, baina kooperatibak jaso zuen ekarpenen dirua. Hori bankuaren eta kooperatibaren artean argitu beharreko kontua zela esan zuen epaileak hasieran, baina azkenean auto argigarri bat kaleratu du eta bertan dio Eroskik bere gain hartu beharko duela sententziaren ondorioetako parte bat.

"Kalte-galerengatik" finantza erakundeari dirua erreklamatzeko eskubidea onartu dio epaileak Eroskiri, hori bai, "haren komertzializazio moduak eragindako kalteengatik".

Eroski: "Absolbitzen gaituen epai batek ezin digu kalterik egin"

Eroskik autoa argitzeko eskatu du. Ohar bidez jakitera eman du absolbitzen dituen epai batek ezin diela kalterik eragin, eta BBVAren eta Eroskiren arteko konponbideak beste prozesu batean argitu beharko direla.

Eroskik nabarmendu du urtarrilaren 27ko epaiak guztiz absolbitu zuela kooperatiba, eta epaiketako kostuak ordaintzetik libre geratu zela.

Bere hitzetan, erakunde judizialek ezin dituzte dagoeneko emanda dauden ebazpenak aldatu, eta are gutxiago "epai berari buruz argia eman dezakeen eta berretsi besterik egin ezin duen" argibide auto batean. Helegiteek alda dezakete ondorio hori.

Francisco Gonzalez buru duen bankua, berriz, "pozik" agertu zen atzo, autoak bere eskariari erantzun diolako "neurri handi batean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak