Kulturarentzat 1,87 milioi euroko diru laguntza lerroak bideratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Miren Mujika 2014ko ots. 26a, 15:23

Guztira 1.872.346 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak kultura sustatu eta hedatzeko, baita ondare historiko-artistikoa kudeatu eta zaharberritzeko lehiaketa bidezko diru-laguntzetara ere.

Gaurko Diputatu Kontseiluan onartu da erabakia eta datorren astean argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Kultura sustatu eta hedatzeko atalean zazpi lerro jasotzen dituen programak 1.124.846 euro bideratuko ditu aurten. Kopuru horretatik zati bat Gipuzkoako kultura elkarteen jarduna eta proiektuak bultzatzeko izango da: 290.378 euro, hain zuzen ere. Arte eszenikoak, musika eta arte bisualen alorrean jaialdiak, zikloak, lehiaketak eta sariak antolatzeko, aldiz, 219.108 euro bideratuko dira eta 5.000 biztanle baino gutxiago duten udalerriek kultur ekintzak antolatu ahal izateko 150.000 euro zuzenduko dira. Bestalde, urteko arte eszeniko eta musika programazioa finantzatzen laguntzeko Euskadiko Antzoki Sarean dauden Gipuzkoako udalek 225.610 euroko diru-laguntza izango dute eskuragarri.

Konpainia eszenikoek ere jo ahal izango dute diru laguntzetara. Ikuskizunen sustapen eta salmentan egindako gastuak arintzeko helburuarekin, 124.795 euroko lerroa izango dute. Azkenik, espezializazio bekak eta Nicanor Zabaleta bekak 105.000 euro eta 9.955 euro izango dituzte.

Bigarren diru-laguntza sorta, 747.500 euro, Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa zaharberritu eta kudeatzeko izango da. Horietatik 340.000 euro kultur ondarea zaharberritzera bideratuko dira eta 120.000, indusketa eta ikerketa arkeologikoak bultzatzera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bereak dituen museoak mantentzeaz gain, 246.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako beste museoen kudeaketan laguntzeko, bai publikoak eta baita pribatuak ere. Beste 20.000 euro agiri-ondarea zaharberritzeko izango dira eta 21.500 beketarako. Aurten ondarearen zaharberritzea bultzatu nahi izan da helburu horretara 40.000 euro gehiago bideratuta (%13,3ko igoera).

Era berean, sorkuntza bekak kendu eta prestakuntza indartzea erabaki da espezializazio bekentzat diru-hornidura handiagoa bideratuta. Guztira 105.000 euro egongo dira horretarako, iaz baino 28.000 euro gehiago (%36,3ko igoera). Sorkuntza 2013an berritu zen Artista Berrien Programaren bidez eta Xabier Lete eta Gabriel Celaya lehiaketen bidez sustatzen ditu Aldundiak, besteak beste.

Bukatzeko, euskarazko kulturari bultzada bat eman nahi zaio hizkuntzari balorazio irizpideetan garrantzi handiagoa emanda. Aurten, Tellechea Idigoras beketan euskarazko lanak bakarrik onartuko dira.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak