Txomin Arana: "Garrantzia amaitzeak zeukan, postuan ez nuen pentsatu"

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 27a, 00:00
Txomin Arana.
Valentziara, lasterketa batera bidean harrapatu dugu Ereñoko moto gidaria; sei urterekin Espainiako Txapelketan korritzen zuen eta aurten lehen aldiz hartu du parte Dakarrean

1. Hilabete pasa da Dakarra amaitu zenetik. Nahikoa atseden hartuta Hegoamerikatik bueltan?

Bai. Oso nekatuta etorri nintzen, asko kostatu zitzaidan errekuperatzea. Eskuan ere min hartuta egon naiz, eta oraindik ere guztiz ondo ez dagoen arren, prest nago berriz lehiatzeko.

 

2. Lasterketan zenbat aldiz ikusi zenuen zeure burua arriskuan?

Birritan. Lehenengo, bederatzigarren etapan, gasolinaren bonbak funtzionatzeari utzi zionean. Bigarrena, azken aurreko etapan: kolpea izan nuen eta pentsatu nuen ezin izango nuela motorra konpondu.

 

3. Sailkapenean, 56.a. Badu garrantzirik?

Niretzako garrantzia amaitzeak zeukan... Ez nuen pentsatu ere egin zenbagarren postuan amaitu ahalko nuen; postuan pentsatu ere ez nuen egin.

 

4. Zer izan da zailagoa: lasterketa amaitzea edo lasterketan parte hartu ahal izatea?

Niretzat, lasterketa amaitzea, baina klubeko kideentzat eta lagundu didaten guztientzat, irteera puntuan egotea. Horretan sekulako esfortzua egin dute, nik egin dudana baino handiagoa.

 

5. Berriz parte hartzeko gogoarekin geratu zara?

Bai; okerrago pasatu izan banu, akaso ez, baina  esperientzia ona izan dut, baita zortea ere. 

 

6. Zure herriaren babesa, Ereñorena, ez da nolanahikoa izan...

Sekulakoa izan da. Joan aurretik bazkari bat egin genuen, niri laguntzeko diru apur bat biltzeko ere bai. Bueltan, aireportuan izan nituen zain, eta herrian egin zidaten harrera ere polita izan zen.

 

7. Dakarra pasata, non dituzu jarrita begiak orain?

Espainiako eta Europako Moto-kros txapelketetan egongo naiz. Une honetan Valentziara noa, lehenengo lasterketara: ezin izan dut oso ondo prestatu baina ikusiko dugu; amaituz gero,  pozik. Espainiakoan sekulako maila dago, ea lehenengo hamabosten, ahal bada hamarren artean egoterik dudan.

 

8. Noiz igo zinen lehen aldiz bi gurpilen gainera?

Bost edo sei urterekin. Erretegi baten zirkuitu bat zegoen, eta han hasi nintzen quad txiki batekin. Ordutik aurrera, beti motor gainean.

 

9. Motorrak ematen du egunero jateko?

Ez, bizitzeko, nik aparte lan egiten dut lantegi baten. Hemendik bizi, lau edo bost biziko dira, oso onak.

 

10. Zuek ibiltzen zareten moduan ibiltzeko, ero puntu bat derrigorrezkoa da?

Ez dakit nik... Apur bat bai, baina gehiegi ere ez da ona: nahiko garrantzitsua da burua bere lekuan mantentzea.

----------

Makila magikoa baneuka: "Moto-kroseko zirkuitu eder bat egingo nuke Euskal Herrian, denok disfrutatu eta entrenatzeko toki bat izateko" 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak