Gatzagako pilota torneoak bigarren txanda hartuko du asteburuan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 25a, 08:47
Pasa den domekan Leintz Gatzagan jokatutako partiduetako bat.
Pasa den asteburuan hasitako Dorletako Ama Pilota Txapelketak domekan, martxoak 2, jarraituko du. Zazpi partidu jokatuko dituzte egun horretan, 10:00etan hasita, eta tartean izango dira Aramaioko eta Arrasateko pilotariak.

Domekan, giro "ezin hobean", hasi zen urtetik urtera garrantzia "handiagoa" hartzen ari den Dorletako Ama Pilota Txapelketa. Guztira 123 partidu daude aurreikusita aurtengorako eta 21 herritako pilotariak izango dira, Iparraldekoak tartean.

Neurketa "politak"

Ez du lan makala izango, beraz, Mauri Zubillaga antolatzaileak, baina gustura zen lehen jardunaldiak emandakoarekin. Pilotariek neurketa "politak" jokatu zituztela dio eta benjamin kategorian jokatutako bat nabarmendu du guztien gainetik, Larrañaga eta Lazpiur bergararrek jokatutakoa: nekaezinak biak ala biak, bost tantotan utzi zituzten Elorrioko aurkariak. Eta Arrasateko Arana eta Etxagibel beteranoek egindako lana ere azpimarratu du Zubillagak: "Ez zuten gustuko pilota izan, baina Agirre eta Muruamendiaraz aurkariak eurak baino okerrago zebiltzan eta burutsu jokatu zuten, 22-19 irabaziz". Zoragarritzat jo du, era berean, Arzallus eta Arrizabalaga azpeitiarrek Barandiaran eta Telleriaren kontra jokatutako partidua; 22-16 menderatu zuten neurketa eta eurentzako izan ziren ikuslegoaren txaloak. 14:30ean bukatuko zuten lehen jardunaldia.

Hurrengo hitzordua, domekan

117 partidu eta 24 jaialdi geratzen dira oraindik eta domekan, martxoak 2, da hurrengo hitzordua, 10:00etan, Leintz Gatzagako Udal Pilotalekuan. Hauek dira egun horretarako aurreikusita dauden neurketak:

  • 1. Senior kategoriako Rodriguez eta Intxausti (Zumarraga) – Aspe eta Lekue (Legutio)
  • 2. Senior kategoriako Trapero eta Urrexola (Otxandio) – Iriondo eta Uzkudun (Azpeitia)
  • 3. Benjamin kategoriako Arriolabengoa eta Errarte (Aramaio) – Sodupe eta Laskurain (Soraluze)
  • 4. Benjamin kategoriako Azkoaga eta Barandiaran (Arrasate) – Moreno eta Palacin (Soraluze)
  • 5. Benjamin kategoriako Orbegozo eta Asier (Abadiño) – Formoso eta Sanz (Gasteiz)
  • 6. Benjamin kategoriako Otxoa eta Ribas (Gasteiz) – Sanchez Arevalo eta Nuñez (Zumarraga)
  • 7. Senior kategoriako Asteasuinsarra eta Isasa (Gasteiz) – Lopez eta Etchegoin (Iparraldea)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak