Iñigo Urkullu: "Urrats txiki bat da, baina ez da nahikoa"

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, ETAk armak balio gabe uzteko eta behin betiko zigilatzeko emandako lehen urratsa, "urrats txiki bat da, baina ez da nahikoa". Agerraldi berezia egin du hedabideen aurrean, Nazioarteko Egiaztatzaileena eta ETAk emandako pausoa baloratzeko.

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearen lana "fidagarria eta segurua" dela esan du Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak haiekin lanean jarraituko duela berretsi du.

ETAk "aldebakarrez eta baldintzarik barik" hartutako erabakia, urrats "garrantzitsua" dela esan du, urratsa txikia, beharrezkoa, baina ez nahikoa", ETAren behin betiko desarmatze erabatekoa lortzeko bidean.

ETAk, aurretik, egindako mina aitortu izana ere azpimarratu du lehendakariak.

Hauxe da lehendakariaren adierazpena osorik:

"Eusko Jaurlaritzak emandako pausoa aintzakotzat hartzen du"

"Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gaur iragarritakoaren harira, Eusko Jaurlaritzak emandako pausoa aintzakotzat hartzen du.

Pauso txikia da, ez nahikoa, baina lehena, ezinbesteko armagabetze osoa burutzeko.

ETA armagabetze horrekin hasi da, bere aldetik eta baldintzarik gabe.

Eusko Jaurlaritzak uste du fidagarria eta ziurra dela ETAren erabateko eta atzera ezineko armagabetzea lortzeko Egiaztatze Batzordearen bitartekotza. Horrela bada, Batzordearen lanari bere babesa eman nahi dio.

Etapa hau etorkizun hurbila eta atzera ezina izango duen ibilbidea da: ETA erabat eta oso-osorik armagabetzea.

ETAren desegitearen ibilbide horretan mugarri garrantzitsu bat dago: indarkeriaren ondorioz sortutako kaltea onartzea, eragindako min bidegabea.

Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du oinarri horietan. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari laguntzen jarraituko du eta hurrengo pausuak kudeatzen lagundu eta babesa emango dio".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.