Aurten hirugarren edizioa ospatzen da eta iaz bezala, Debagoieneko lanak jasotzea espero dute antolatzaileek. Pasa den urtean 40 lan jaso zituzte eta horietako batzuk gure bailarakoak zirela adierazi du Apalategik. Horien artean gainera, bat garaile atera zen: Oñatiko Gero Pentzauku produxions taldearen Badator Aguazila lanak, publikoaren saria jaso zuen. 500 euroko saria lortu zuten hain zuzen ere. Iñaki Olalde eta Egoitz Aizpuruak beste lagun batzuekin batera eginiko lanak lehia gogorra ezagutu zuen, izan ere Gabiriko gazte batzuk aurkeztutako Benemeritoak bertsomoviearekin lehia estua izan zuten oñatiarrek, baina askogatik ez bada ere, debagoiendarrek jasoko zuten saria.
Animoak piztu eta bertso movie lehiaketa honetan parte hartzea nahi dutenek, bideo bat prestatu beharko dute, beti ere euskaraz izan behar du eta gutxienez bertso baten presentzia izan behar du. Sariei dagokionez, gazteen mailan, lehen saridunak 300 euro jasoko ditu eta bigarrenak, 100 euro. Helduen mailan aldiz, lehen saridunak 1000 euro lortuko ditu eta bigarrenak 350. Ikusleen saria lortzen duen taldeak aldiz, 500 euro bereganatuko ditu, sari politak beraz, lehian.
Informazio guztia lehiaketako webgunean dago eskuragai: www.bertsomovie.com.