Bergaran egingo dute zapatuan Debagoieneko Artzainen III. Eguna

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 19a, 19:57
Ardiek eta artzain munduak hartuko dute zapatuan Bergara, bertan egingo dute-eta Debagoieneko Artzainen III. Eguna. Artzainen azoka, tailerrak eta bildotsa burduntzian eginda jateko aukera izango dira antolatutako ekintzetako batzuk. Egubakoitzean hasiko dira bestalde, XVI. Jardunaldi Gastronomikoak

Arrasateren eta Oñatiren ostean, Bergaran izango da Debagoieneko Artzainen III. Eguna. Zapatuan egingo duteeta Debagoieneko Mankomunitateak, Deba Garaia Landa Garapeneko elkarteak eta Debagoieneko Pastoriek izeneko artzain taldeak antolatuta, eta egitarauan askotariko ekintzak daude. San Martin plazan izango dira ekitaldi gehienak.

10:00etan hasita, Debagoieneko Artzainen III: Azoka egingo dute, eta bertan Debagoieneko pastoriek elkarteko kideen produktuak, txakolin ekoizleak, artilea lantzen duten artisauak eta Jakionekoak egongo dira.

Tailerrek ere izango dute euren lekua: 11:00etan gatzatua egiteko tailerra egongo da; ordu berean, Amaia Diaz de Monasteriogurenek Goazen gosaria prestatzera! izenekoa eskainiko du.

Dastatzeak, jolasak eta argazki digitalen lehiaketa

12:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan idiazabal gaztaren dastatze gidatua egongo da. Bildotsa ere probatu ahal izango da Bergaran, izan ere 09:00etatik aurrera bildosta burduntzian erreko dute, eta 12:30etatik aurrera pintxoak banatuko dituzte. 20 bildots erreko dituzte denera.

Ardi latxaren bila izeneko jokoa ere egingo dute umeekin 10:00etatik 12:00etara, eta ardi latxa ezagutzera ematea gura dute joko honekin..

Honetaz guztiaz gainera, Debagoieneko Kroxeter taldeak urban knitting egingo du San Martin plazan, eta bertan egindakoekin apainduko dituzte gero Domingo Irala kaleko zuhaitzak. Zapatuan erabakiko da baita ere zeinek irabaziko duen martxan dagoen eta gai moduan Debagoieneko zelaiten ardi latxa daukan argazki digitalen lehiaketa. Horretarako, jaso dituzten argazki guztien artean aukeratutako hogeirekin erakusketa jarriko dute.

XVI. Jardunaldi Gastronomikoak

Debagoieneko Artzainen Eguna bakarrik ez, 16. Jardunaldi gastronomikoak ere aurkeztu dituzte gaur Mankomunitatean. Bi hilabete pasatxo iraungo dute oraingo jardunaldiek: otsailaren 21etik apirilaren 27ra.

Bildotsa, Debagoieneko ardi esnekiak eta peilak dira jardunaldi hauetako menuetan agertuko diren produktuak, eta oraingo honetan zazpi jatetxek egin dute bat ekimenarekin: Arrasateko Hilarionek eta Santa Anak, Bergarako Lasak, Elgetako Maialde Hotelak eta Oñatiko Goiko Bentak, Torre Zumeltzegik eta Etxe Aundi. Ekimenaren aurkezpenean egon diren jatetxeetako ordezkariek jardunaldi hauek izaten duten harrera ona azpimarratu dute.

Jardunaldiak baina, ez dira menuetara mugatuko. Hala, produktuen jatorria eta elaborazio prozesua ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte Lapatza, Mendibitzu eta Gomiztegi baserrietara.

Sukaldaritza tailerrak ere egingo dituzte, eta oraingo honetan, horietako batzuk jatetxeetako sukaldeetan izango dira: martxoaren 12an Hilarion jatextean, Martxoaren 26an Lasa jatetxean eta apirilaren 12an Etxe Aundi jatetxean. Martxoaren 5ean eta 19an Arrasateko Hipereroskin izango dira tailerrak Jardunaldietan parte hartzen duten gainerako jatexeetako sukaldariekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak