Arrasateko Udal biblioteka itxita egon zen atzo egun osoan zehar. Izan ere, gaurtik aurrera dokumentu guztiak RFID delako teknologiarekin funtzionatzen hasi dira. Irrati frekuentzia bidezkoa da sistema berria, askoz erosoagoa.
Lapurretak saihesten dituen sistema
Erosoagoa izango da mailegua egiterakoan, eta baita itzulketa egiterakoan ere. Gainera, seguruagoa ere bada sistema berria. Sistema zaharrak, adibidez, ez zituen hutsik zeuden DVDak identifikatzen. Aurrerantzean ez da hori gertatuko.
Bestalde, sistema berrira egokitzeak lan handia suposatu die liburutegiko langileei. Atzo egun osoan aritu ziren lanean buru-belarri, eta uda partean ere astebetez itxita egon zen biblioteka.
Detektagailu berriak
Era berean, irteerako alarma detektagailuak ere aldatu behar izan zituzten. Udalak argitu duenez, bitartekoak eguneratzearren eta hobetzearren ezarri da sistema berria eta horretarako ezinbestekoa izan da egun batez biblioteka itxi behar izatea.