Arizmendiko hiru ikasle, Europako Gazte Parlamentuak antolatzen duen Ankara Gazte Forora

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 18a, 17:40

Iazko Espainiako kanporaketan lehenengo hamarren artean sailkatu izanagatik eman diete aukera aurtengo Ankara Gazte Foroan parte hartzeko. Otsailaren 20tik 24ra izango dira bertan, beste hainbat naziotako gazteekin batera.

Azkeneko bi urteetan Arizmendi Ikastolak Europako Gazte Parlamentuan (European Youth Parliament) parte hartu du, eta aurten hirugarrenez egingo du. Lehiaketa honetan, hainbat kanporaketa gainditu behar izaten dituzte aurkezten diren taldeek: horietako lehenengoa Euskal Autonomia Erkidegoan izan ohi da; jarraian, Espainiakoa; eta azkenik, Europakoa edo nazioartekoa. Lehiaketan gazteek balizko parlamentu bat osatzen dute, eta talde bakoitzaren lana izan ohi da ponentzia bat aurkeztea eta defendatzea. Aldi berean, beste ikastetxeek aurkezten dituzten ponentziei ekarpenak egin behar izaten dizkiete, beste neurri edo proposamen batzuk eginez, besteak beste. Hori dena ingelesez, gainera.

Espainiako fasera, bietan 

Aurreko bi aldietan heldu da Arizmendi Ikastolako talde bat Espainiako kanporaketara. Iazkorako, Leire Carreras, Irati Lopez eta Iker Bengoetxea hautatu zituzten, aurten, Gaztelupen, batxilergoko bigarren mailan diharduten ikasleak. Iazko Espainia mailako fasean hamar lehenengoen artean geratu ziren; lehenengo lau taldeak baino ez ziren pasatu azken fasera, nazioartekora, baina Arizmendi Ikastolako ikasle talde hau lehenengo hamarren artean sailkatu zenez, aukera eman zieten aurtengo otsailean antolatuko den Ankara Gazte Foroan (Ankara Youth Forum) parte hartzeko.

Hilaren 20tik 24ra

Bada, otsailaren 20tik 24ra bitartean, Ankaran (Turkia) izango dira hiru ikasleok, eta askotariko ekintzak egingo dituzte hainbat naziotako gazteekin, hala nola: herrialdeen inguruko aurkezpenak, kontzertuak, Europarekin lotutako gaiekin hausnarketak eta eztabaidak... Bestalde, sailkapen hori dela-eta, Europako Gazte Parlamentuko kide bihurtzen dira, ondorengo urteetan antolatzen diren forotan parte hartzeko aukerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak