Heletan (Behe Nafarroan) jokatuko da mus txapelketako finala, martxoaren 8an, eta zazpi herrialdeetako128 bikote sailkatu dira bertan parte hartzeko. Tartean daude Debagoieneko hiru: Bergarako Ander eta Andres Gabilondo, Arrasateko Iker Aiastui eta Iñaki Oianguren, eta Aramaioko Iñigo Molero eta Antonio Soares; azken bikote hori, gainera, bigarren geratu da Arabako txapelketan.
Asteburuan jokatu da Arabako Mus Txapelketako finala, Aramaio eta Laudioren artean, baina laudioarrek jantzi dute txapela eta bigarren postuarekin konformatu behar izan dute aramaioarrek.
Gutxiagorekin konformatu behar izan dute Debagoieneko gainontzeko bikoteek, ez baitute izan aukerarik Gipuzkoako txapela lortzeko lehian aritzeko.
Final handia geratzen da oraindik ere, ordea, eta horretan bai, horretan Aramaioko, Arrasateko eta Bergarako bikote bana izango da. Martxoaren 8an jokatuko da finala, Heletan, Euskal Herriko 128 bikoteren artean. "Euskal Herri osoko muslariok, zatiketa eta mugaz gaindi batzen gaituenari heldu eta musaren bidez nazio bat garela aldarrikatu dugu", adierazi dute antolakuntzatik.