Noiz eta nola sortu zen Ro?
Orain dela bi urte inguru hasi zen Ro taldearen ernal tzea; ni [Harriet] gitarra eta Andoni Sasigain bateria jotzen hasi ginenean. Urtebete inguru eman genuen lokalean kantuak moldatzen eta bertsioak jotzen, eta 2013ko otsailean Lete sartu zen baxu-jole lanetan. Orduantxe jaio zen Ro.
Hala ere, Lete eta biok aspaldiko ezagunak zarete.
Bai, biok Asfiksia taldean jotzen genuen. Hasieran, proiektu paralelo bezala hasi genuen Ro, Asfiksia talde heavyagoa zen eta hainbat kanturen ideiak genituen. Hala ere, ez ziren Asfiksiaren unibertsokoak. Esperimentaziorako bide bezala hartu genuen proiektu berria. Kontua da hainbat arrazoirengatik Asfiksiaren heriotza gertu ikusten genuela; eta esku artean genituen ideiei irteera eman nahi genien. Pixkanaka, baina, bizitza propioa lortu zuen Rok.
Maketa duela gutxi kaleratu duzue; nolakoa izan zen grabazioa?
Mutrikuko AME estudiora joan ginen, Oñatiko hainbat taldek bertan grabatu dute eta Iban Idigoras ere hor zebilen; horrek zerikusia izan zuen. 2013ko Aste Santuan grabatu genuen diskoa, Malenkoniaren ostean.
Maketa dela esaten duzuen arren, diskoa ere izan zitekeen; ez da lokaleko grabazio bat izan.
1.000 euroko diru laguntza jaso genuen, eta hori aprobetxatzea erabaki genuen. Egia esan, gustura geratu gara grabazioaren emaitzarekin.
Sei kantu, eta hainbat talderen eta estiloren eragina dago bertan.
Esan bezala, Seattleko grunge mugimenduko Pearl Jam eta Nirvana taldeak gustuko ditugu; eta Euskal Herriko Berri Txarrak, Willis Drumond... Kantuetan oso pasarte ezberdinak daude; pasarte batek Lisabö gogora ekartzen badu, hurrengoa poperoa izan daiteke. Grungea, hard-rocka... Maketan, hala ere, gure bidea bilatzen genbiltzan. Kantu berriak bideratuagoak daude, pertsonalitate handiagoa dute.
Diskoa Durangoko Azokarako kaleratu zenuten; zelan joan ziren salmentak?
Musika zuzenean erakusmahaian egon zen. Egia esan, ez dakigu zenbat disko saldu genituen, baina ez dugu uste asko salduko genituenik. Diskoa ez dugu leku askotara eraman. Oraingoz, Oñatiko tabernetan dago salgai, edo, bestela, gurekin harremanetan jarrita saltzen ditugu.
Orain, baina, kantu berrietan murgildu zarete.
Bai; orain arte, maketako kantuak jo ditugu zuzenean, eta abesti berriak egiteko lanetan gogotsu gabiltza. Gure asmoa da uda inguruan berriz ere kontzertuak jotzen hastea.