Debagoienetik ordezkaritza polita joan da pianoaren hiriburu bihurtu den Andoainera. Arrasateko, Oñatiko, Bergarako, Elgetako, Eskoriatzako eta Aretxabaletako musika eskoletako 50 neska-mutikok hartu dute parte jaialdian. Jaialdiaren bederatzigarren edizioa antolatu dute aurten Seiasle elkarteak eta Andoaingo Udalak elkarlanean, eta antolatzaileak pozik amaitu dute asteburuak emandakoarekin.
Parte-hartzaileek bi modalitatetan interpretatu dituzte besteak beste Bach edo Haendelen piezak; bakarka eta lau eskutara. Jaialdiko momentu ikusgarrienak, lau eskutara interpretaturiko piezatan izan dira; izatez zailtasun handiagoa dute pieza horiek, baina emaitza ere bestelako izan ohi da.
Entseguak ondo eginda
Duela hiru bat aste, gure ordezkariek Amaia Antzokian, asteburuan eskaini duten saio berdintsua egin zuten, beroketa bezala; eta badirudi pena merezi izan zuela, pozik amaitu baitute Andoaingo jaialdian egindakoarekin. Ez horrenbeste emaitzengatik, onak izan diren arren, batez ere, neska-mutikoei ikasitako plazaratzeko aukerak sortzen dien zirrara eta emozioagatik.
Azken hilabeteetan buru belarri ibili dira jaialdia prestatzen eta egindako lanak pena merezi izan duela esan zuen Isabela Blezienek, Arrasate Musikaleko piano irakasleak. Andoaingo jaialdia lehiaketa izan arren, festa kutxua duela azpimarratu du ere.