"Abiapuntu ona markatu dugula uste dut", zioen Igor Tome oñatiarrak gaur eguerdian Debagoieneko Ernaik Elorregin egindako ekitaldian. Herri ezberdinetatik etorritako 40 bat gazte elkartu dira Izan, Hezi, Hazi ekimenari hasiera emateko, eta pozik ziren deitzaileak. "Euskal Herrian eta Europan oso une berezia bizi dugu. Espainiar estatuaren krisi estrukturala eta Europatik datorren olatu independentista —Eskozia eta Katalunia— nabarmenak dira. Horren aurrean gazteok ere gure ekarpena egin nahi dugu", adierazi du Tomek. Eta helburu horrekin lan ildo ezberdinak abiaraziko dituzte: formazio saioak, hitzaldiak, elkartrukeak... proposamen ezberdinak dituzte mahai gainean eta hurrengo hilabeteotan gauzatuko dituzte. "Gure diskurtsoa eraiki eta indartu nahi dugu", azaldu du Tomek independentziaren bideragarritasunaren inguruan intoxikazio kanpaina itzela dagoela salatu ostean. Ondo informatu, esperientzia ezberdinen errealitatea gertutik ezagutu eta diskurtso propioa eraiki nahi dutela adierazi du.
Helburu horrekin datozen hilabeteotan landuko dituzten gaien artean nabarmentzen dira burujabetza, ekonomia —genero ikuspegitik—, burujabetza ekonomikoa, hegemonia, historia... eta denen artean eta denen ekarpenekin osatuko dute programa.
Festa giroan
Gaurkoa, ordea, prozesu berri baten abiapuntua finkatzeko festa giroan egindako ekitaldia izan da. Elorregiko frontoian elkartu, asanblada informatiboa egin, proposamenak eta ekarpenak egiteko gonbidapena luzatu eta Ametsa da hazia, herria bizia zioen pankarta erraldoia koloreztatu dute denen artean. Taldeko argazkia egin, eta lagunarteko hamaiketakoa ere egin dituzte.
Elkartrukea kataluniarrekin
Gaurko asanbladan eta Izan, Hezi, Hazi dinamikaren barruan Kataluniako gazte antolakunde batekin egitekoa duten elkartrukearen berri ere eman dute Ernaiko gazteek. "Arran gazte antolakunde independentistarekin kontaktuan gaude", adierazi du Itsaso Ruiz de Larrinaga arrasatearrak. Jakitera eman duenez gazte kataluniarrak maiatzeko lehenengo aste bukaeran izango dira Debagoienean, eta asmoa da joan-etorriko elkartrukea egitea.