2013a urte oso garrantzitsua izan da Gipuzkoako garraio publikoan, Mugi sistema ezarri zelako iazko martxoan, hau da, Gipuzkoa osorako tarifa, zonalde, garraio aldaketa eta deskontu politika bera ezartzen duen sistema martxan jarri zelako. Halaber, erabilerak ere gora egin du nabarmen Aldundiak ezagutzera eman dituen datuen arabera.
Besteak beste eta datu batzuk aipatze arren, iaz, 21 milioi bidaia baino gehiago egin zituzten Gipuzkoako herritarrek herri arteko autobusetan, 2012an baino %3,26 gehiago. Gaueko autobus zerbitzuen erabilerak ere gora egin du, 2012ko datuekin alderatuta %3,78 bidaia gehiago egin baitziren. Honek esan nahi du Lurraldebuseko autobus zerbitzua egon den gau bakoitzeko 1.000 auto partikularren erabilera saihestu dela. Mugi txartelari dagokionez, 100 bidaietatik 79, txartel horrekin ordaindu dira.
Erabilera datuez harago, "2013an Lurraldebusek beste lorpen garrantzitsu batzuk" izan ditu. Alde batetik, "2013ko uztailean Lurraldebuseko hainbat zerbitzu daramatzan PESA enpresa ibilbide luzeko txartelak Internet bidez saltzen hasi zen, eta horrek herritarrei abantaila handia ekarri die. Bestetik, azpimarratzekoa da ere Mugi sistema bateratua ezarri aurretik, 2013ko urtarriletik Lurraldebus txartelaren erabiltzaileek Eusko Trenen txartela erabiltzeko aukera izan dute, ordainketa modu gisa". Horrez gain, hainbat zerbitzu berri jarri dira eta beste batzuetan hobekuntzak izan dira.