Udalek 250.000 euroko dirulaguntza eska dezakete bidegorriak egiteko

Leire Kortabarria 2014ko ots. 13a, 10:31

Oinezkoak bidegorrian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntza emango die udalei bidegorriak egin ditzaten, "eta mugikortasun iraunkorragoa lortzeko", Aldundiaren esanetan. Hala, 250.000 euroko dirulaguntzak emango dizkie udalei. Diru hori jasotzeko eskaerak martxoaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.



Udalek aurkeztutako eskaerak baloratzeko honako irizpideak hartuko ditu kontuan Aldundiak, eta gehienez ere 100 puntu jaso ahal izango dituzte:

  • Diruz lagundu ahal izango dira bai obrak egitea (20 puntu) eta baita proiektuen idazketa ere (5 puntu).
  • Ekintzaren interesa baloratuko da mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik eta horretarako bi irizpide hartuko dira kontuan: batetik, dagoeneko eraikita dauden bidegorriak lotzea (10 puntu) eta, bestetik, eraikin edo zerbitzu publikoetara (eskolak, ospitaleak, merkatuak, liburutegiak....) eta auzuneetara iristea (40 puntu).
  • Udaleko Iraunkortasun Plan Estrategikoan dauden bidegorriak (10 puntu).
  • Bizikletaren erabilera sustatzeko ekintzak egitea (10 puntu).
  • Bereziki emakumeen artean bizikletaren erabilera bultzatzeko ekintzak aurreikusi dituzten eskaerak (5 puntu).
  • Bidegorrien ibilbidea diseinatzeko orduan emakumeen beharrak eta berezitasunak kontuan izango dituzten eskaerak (5 puntu).

Dirulaguntzak banatzerako orduan, Aldundiak udalak garatuko duen ekintzaren portzentaje bat lagunduko du, eta ekintzak lortzen dituen puntuen araberakoa izango da hori, betiere %75eko eta 55.000 euroko muga kontuan hartuta. Dirulaguntzak lehentasunen arabera emango ditu Aldundiak, urteko deialdian ezarritako dirua bukatu arte.

Diruz lagundutako ekintzak 2014ean zehar egin beharko dituzte udalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak