Hiru urtean izan dute martxan dirulaguntza hori, eta 343 milioi euroko dirulaguntzekin Gipuzkoako enpresek egindako 250 nazioarteratze proiektu finantzatu dira. Beraz, "arrakastatsu" jo dute hitzarmen hori Adegiko arduradunek. 2013an bakarrik, 133 proiektu lagundu dituzte 128,5 milioirekin, proiektu bakoitzeko milioi bat inguruko laguntzarekin. Exporta eta Implanta proiektuak izan dituzte horretarako. Bestalde, formazio-programak egin dituzte, eta aurten aplikatuko diren arau berrien gaineko informazio jardunaldiak eman dituzte. Horietan 500 enpresatik gora hartu dute parte.
Hiru inplantazio atzerrian
Exporta lerroan, zehazki, atzerrian saltzeko laguntzak ematen dizkiete enpresei, eta 130 eragiketa finantzatu dira, 121 milioirekin. Europako Batasuneko eta AEBetako merkatuak badira ere nagusi, gero eta enpresa gehiagok eskatzen dute laguntza hori Txina, India, Maroko, Argelia eta beste herrialde batzuetarako.
Implanta lerroak, bestalde, beste herrialde batzuetan enpresa ezartzeko laguntza ematen du, eta hiru inplantazio-proiektu lagundu dituzte (Txinan, Indian eta Hego Afrikan), 7,4 milioirekin.
"Esperientziarengatik, ibilbidearengatik eta merkatuan lider delako, Nazioarteko Saila da Banco Sabadell-en indarretako bat. Horregatik berritu dute hitzarmena Adegik eta SabadellGuipuzcoanok", esan dute arduradunek.