130 “Ikasenpresak” euren jarduera erakusteko aukera izango dute gaur, eguaztena, 14:00ak arte.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Tknikaren bitartez (Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroa), Ikasenpresa programa koordinatzen du, Erdi Mailako nahiz Goi Mailako Prestakuntza Zikloetan diharduten ikasleei zuzendua.
Heziketa-programa honi esker, ikasleek enpresa bat sortzeko esperientzian parte har dezakete, horretarako beharrezko diren izapide edo jarduera guztiak burutuz.
Azokan, produktu sorta zabalaz gain, hainbat motatako zerbitzuak ere eskainiko dira, besteak beste, elikadura, artisautza, informatika, argazkilaritza, farmazia produktuak, ekitaldien antolakuntza, ipuinak, automozioa, mekanizazioa edo arotzeria alorretakoak.
Ikasleen ekintzaile-gaitasuna garatzea da helburua (sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakitze-gaitasuna, ekintzaile izaera, lidergoa, konpromisoa eta erabaki-gaitasuna).
2013-2014 ikasturtean Euskadiko Lanbide Heziketako 40 ikastetxetako 1.500 ikasle ari dira Ikasenpresa programan parte hartzen, eta 228 enpresa sortu dituzte. Ikasturtean zehar, ikasle hauek enpresa arloko jardunaldi eta kongresuetan ere hartzen dute parte, eta berauetan, ekintzaile izateko dituzten aukerak ezagutzen dituzte, etorkizunerako
lan irtenbide gisa, euren negozio ereduak landu eta euren enpresak gainerakoei erakusteko.
Twitter sare sozialean #feriaikasenpresa traola sortu da, Ikasenpresarekin zerikusirik duen orori jarraipena egiteko argazki, bideo edo iruzkinekin.