2013ko Jokin Zaitegi sariketa bertan behera utzi behar izan du AEDk

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 11a, 09:59
Joki Zaitegi bekari esker kaleratutako liburuetariko batzuk.
AEDk aditzera eman du arrazoi ekonomikoak tarteko, ez duela 2013ari zegokion 27. Jokin Zaitegi itzulpen sariketaren deialdirik egingo. Halere, euskara elkarteak "sariketari etorkizuna emango dion babesle berri horren bila" jarraitzen du, eta helburua 2014ko udazkenean berriro ere sariketa heltzea izango da.

Urtarrilera arte egon da Nobel Truk egitasmoarekin bat egiteko aukera. "2012. urtean sariketak euskara elkarteari sortutako defizita estaltzeko ipin izen martxan Nobel Truk, baina tamalez, ez da helburua betetzea lortu". Hala eman du aditzera Maite Agirre AEDko dinamizatzaileak. 

Erantzunarekin pozik

"Nobel Truk egitasmoaren bidez lortutako emaitzak onak izan dira, eta pozik gaude jendearen babesarekin. Baina halere, ez da ipinitako helburura iristerik lortu. Guztira, 40 lagunek egin dute 50 euroko ekarpena, eta 2.000 euro batu dira, zuloa estaltzeko beharrezkoaren erdia, hain zuzen".

Sariketak aurrera

AEDtik aditzera eman dutenez, "erabaki gogorra" izan da. "Dena dela, 2013ko sariketaren bitartez itzuliko zen Alice Munro idazlearen obraren lagin bat euskaraz irakurtzeko aukera lehendik ere badago. Eta beraz, ez litzateke horren zulo handirik igarriko".

Hala, argi utzi gura izan dute erabakiak ez dakarrela sariketaren beraren desagerpena. "Sariketari etorkizuna emango dion babesle berri horren bila jarraitzen du AEDk", eta modu horretan, 2014ko udazkenean beriro abian jarri ahal izateko.

Eskerrak babestu dutenei

Amaitzeko, AEDtik eskerrak eman gura dizkiete Jokin Zaitegi sariketari eusteko ilusioz eta borondatez Nobel Truk egin duten guztiei: "Eta horrekin batera eskertu gura dugu baita ere jendeak bidalitako animozko mezu guztiak", eman du aditzera Agirrek.

                                                                                  -------

AEDk igorritako eskutitza, osorik

" Agur t´erdi:

Honen bitartez, AED elkarteak Jokin Zaitegi sariketaren inguruan hartutako azken erabakiaren berri eman gura dizue euskaltzale guztioi eta, berariaz, Nobel-truk ekimenean lagundu duzuenoi.  AED elkarteak pasa den azaroan jarri zuen abian ekimen hori, Arrasateko kulturgile handiaren omenez sorturiko sariketaren 26. edizioak sorturiko gastuak konpentsatzeko ahaleginean. Izan ere, Kutxa Fundazioak 2012ko abenduan urtetan  emandako laguntza bertan bahera uztea erabaki ondoren, AEDk bere gain hartu zuen ordurako deitua zegoen edizio haren finantzazioa. Aldi berean, sariketari etorkizuna bermatuko zion babesle berri bat bilatzeari ekin zion, garbi ikusten baitzuen elkarteak  ezingo zuela urterik urte berak bakarrik mantendu. Babeslea lortzeko gestioek ez zuten emaitzarik izan, ordea, eta, ondorioz, 2013ko edizioaren deialdia atzeratzea erabaki zuen, sariketa finantzatzeko diru-iturri berriak topatu bitartean. Bestalde,  azaroan euskaltzaleei egin zien dei, 50 €ko diru-ekarpenak eginez, 2012ko edizio haren ordainketa konpentsatzen laguntzeko. Bekaren etorkizuna ekimen horrek izan zezakeen harreraren baitan ere ikusten zuen hein batean.

Urtarril arte izan da zabalik Nobel-truk egiteko aukera eta ekimenak ez ditu aurreikuspenak bete. 2.000 euro bildu dira denera, 40 lagunen ekarpenei esker. Beste era batera esanda, 2012ko sariketak eragindako gastuaren erdia  estaltzea lortu da.

Emaitza horiek eskutan, AEDko Zuzendaritza batzordeak 2013 urteari zegokion 27. edizioa ez deitzea erabaki du, honako arrazoi hauengatik:
    •    Arestian esan bezala, Nobel-truken bitartez 2012ko edizioak sorturiko defizita estaltzea lortu ez delako.
    •    Sariketari etorkizuna emango dion babesle berri horren bila jarraitzen duelako.
    •    2013ko sariketaren bitartez itzuliko zen Alice Munro idazlearen obraren lagin bat euskaraz irakurtzeko aukera lehendik dagoelako.  

Esan barik doa, erabaki honek ez dakarrela berarekin Jokin Zaitegi sariketaren desagerpena eta AED gogor saiatuko dela hurrengo hilabeteetan ere ekimenari eutsiko dioten laguntzaile berriak lortzen, 2014ko udazkenean berriro abian jarri ahal izateko.

Bukatzeko, mila esker bihotz-bihotzez Jokin Zaitegi sariketari eusteko ilusioz eta borondatez Nobel-Truk egin duzuen guztioi."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak