Urkuluko urtegia beteta dago eta errekara ura botatzen dabil

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 10a, 18:07

Azken egun eta orduetako euri-jasek aparteko arazorik sortu ez arren, izan dute eraginik Debagoienean. Urkuluko urtegia esaterako, %100,07an dago eta ura botatzen ari da urtegitik errekara. Bertako arduradunek diote baina, ez dela kezkatzeko moduko egoera.

Eguraldi txarra eta deserosoa izan da berbagai nagusia azken orduotan, baina giro petralak ez du gurean aparteko arazorik eragin. Errepideak bustita egon arren, ez da istripu azpimarragarririk egon, eta ibarreko Udaletan galdetuta ere, erantzuna berbera izan da: arazorik eza. Arasaten baina, haizeagatik eta prebentzio moduan, Biteri plazako estalkia itxita dago.

Bestelako eraginik baina, ikusi ahal izan dugu. Urkuluren betetze maila, esaterako, %100,07an dago, eta errekara ura botazen ari da. Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Debagoieneko arduraduna den Imanol Zabaletaren esanetan, normala da urtegiak gaur erakusten duen itxura eta urak gainezka egitea Urkuluren funtzionamendu arruntaren barruan sartzen da.

Datozen orduak

Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, gaur arratsalde-gau partera hodeiak gutxitu egingo dira, eta egunaren amaieran atertzera egingo du.

Biharko bestalde, goizaldean zerua hodeitsu egongo da, eta gainontzeko orduetan hodeitsu edo oso hodeitsu. Goizetik aurrera zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak izan daitezkeenak, eta goizean haizea bizia izango den arren, arratsaldean baertu egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak