Astelehenetik egubakoitzera bitartean, iluntzetan, Debagoiena Zuzenean saioa ikusteko aukera izango da gaurtik hasita Goiena telebistan. Txomin Madina kazetariaren gidaritzapean, albisteak edo edukiak aurkezteko modu berriak erabiliko dituzte erreportariek. Protagonistak eta gertaerak bertatik bertara erakutsiko dira eta eskualdeko lekuak erakusteaz gain, elkarte, talde eta herritarrei ahotsa emango zaie eta beraiek bihurtuko dira protagonista. Saio freskoa izango da.
Egunez egun
Platoan bai, baina, batez ere, kalean egindako erreportajeak emango dira. Egunero erreportaje bi (gaurkotasunezkoak edo tarte finkoak) eta platoko elkarrizketa bat.
Astelehenetan, asteburuko ekitaldi bati buruzko erreportajea eskainiko da, batetik, eta bestetik, asteburuko ekitaldi bati buruzko solasaldia izango du Txomin Madina aurkezleak Imanol Gallego kazetariarekin batera.
Martitzenetan, berriz, besteak beste, bailarako auzoak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek Mireia Bikuña kazetariaren eskutik.
Eguaztenetan, besteak beste, bailarako denda, jatetxe edota enpresen gaineko erreportajea eskainiko du Amaia Txintxurreta kazetariak. Elkarrizketaren tartean, berriz, sare sozialei buruz hitz egingo du Amaia Pavon MUko Ikus-Entzunezko Komunikazioko irakasleak.
Eguenetan, asteburura begira jarriko eta asteburuan Debagoienean izango den kultura eta aisialdi ekitaldien berri emango du Imanol Gallego kazetariak erreportajeen bitartez.
Egubakoitzetan, ostera, Julen Iriondo kazetariak, sukaldaritzari buruzko erreportajeak ekarriko ditu, eta modari buruzko elkarrizketak ere izango dira egubakoitzetako saioetan.
Astelehenetik egubakoitzera 20:00etan, 21:00etan, 22:30ean eta 00:20ean eskainiko da saioa eta errepikapenak izango dira hurrengo eguneko 14:00etan eta 16:00etan. Goiena telebistarentzat denboraldi berriko apusturik garrantzitsuena da saio hau.