Eustatek dioenez, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, urte arteko tasak %0,3 egin du atzera, eta horrela hobera egin du ehuneko zortzi hamarrenez hirugarren hiruhileko urte artekoak (%-1,1). Espainiako ekonomiarako, %-0,1 izan da urte artekoa.
Eskaintzaren ikuspuntutik, hiruhileko arteko hazkundea batez ere lehen sektoreko, eraikuntzako eta merkatuko zerbitzuetako ekarpenei zor zaie. Urte artean sektore guztiek dauzkate tasa negatiboak laugarren hiruhilekoan, industrian izan ezik, non beheraldiak zortzi aldiz jarraian eduki ondoren aurreneko aldiz lortu baita urte arteko ez-negatiboa.
Enpleguan (dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan) %0,1eko hazkunde txikia izan da hiruhileko artean, galerak hamahiru aldiz jarraian izan ondoren. Urte artean enpleguak %1,0 egin du atzera laugarren hiruhilekoan, aurrekoetan baino gutxiago.
2013. urterako eginiko lehen kalkuluan, BPG %1,2 murriztu zen Euskadin, Espainiako ekonomian bezalaxe.