Zirauna Infisport, ibarraz lotura estua duen proiektua

Xabier Urtzelai 2014ko ots. 7a, 17:39

Taldekideak, aurredenboraldian, Gasteizko hotel batean.
Txirrindularitzako amateur mailak talde berria izango du aurtengo denboraldian, Zirauna Infisport. Berez, talde arabarra izango da, baina Debagoienarekin lotura zuzena duena. Bailarako hiru txirrindularik bertan korritzeaz batera, Dorletako Ama taldea euren filiala izango da. Eta gainera, Iñigo Azkarate arrasatearra buru-belarri dabil proiektuan, zuzendarietako bat izango da.

Once-Eroski taldean korritu zuen Gorka Beloki izango da Zirauna Infisport taldeko arduradun nagusia, eta haren aginduetara lehiatuko dira 18 ziklista, elite eta 23 urtez azpikoen mailan. Euretako asko puntako txirrindulariak dira –Lehendakari Txapelketa irabaztea zer den badakien Imanol Estevez, esaterako– eta ziklista horien artean euren lekua egiteko lanean dihardute Unai Mendikutek (Aretxabaleta, 1990 urte), Alex Aranburuk (Arrasate, 1993) eta Iker Eskibelek (Eskoriatza, 1993). 

Aranburu, Eskibel eta Mendikute.

Kanpanzar Harrobiak taldeak emandako txirrindulariak dira hiru horiek, talde horretan ezagutu zuten amateur maila, eta aurten beste aurrerapauso bat egingo dute, aurrekontu eta maila askoz ere handiagoko talde batera egin dute-eta salto: "Kanpanzar Harrobiak oso eskola ona izan da bertan egon diren ziklistendako, eta baita taldean beste ardura batzuk izan ditugunondako ere", diosku Iñigo Azkaratek. "Talde umila izan da Kanpanzar Harrobiak, bailarako ziklistei kategoria honetan lehiatzeko aukera emateko asmoz jaio zena, eta hutsune bat bete du. Baina, beste pauso bat egiteko beharra ikusten genuen, eta Gorka Beloki bere kabuz proiektu bat abian jartzeko lanean zebilela jakin genuenean, harremanetan jarri ginen".

Hala, hiru urteko ibilbidearen ostean amateur mailako Kanpanzar Harrobiak desagertu egingo da, eta aurrerantzean Dorletako Amak harreman estua izango du Zirauna Infisport-ekin: "Gure ziklista gazteendako erreferente izango dena". Azkaratek berak Dorletako Amarekin jarraituko du, harrobiaz lanean, baina talde arabarrean ere ardurak izango ditu. 

Otsailaren 15ean hasiko dira 

Belokirekin batera, talde berrian ziklistekin batera lanean izango dira Jose Luis Urdiain eta Iñigo Azkarate bera: "Kilometro askoko urtea izango da", diosku Arrasatekoak barrez, "Euskalduna eta Lehendakari Txapelketako lasterketekin batera, besteak beste, Espainiako Kopa ere korrituko dugulako". Horrek esan nahi du Espainian barrena egingo dituzten bederatzi lasterketetan izango direla: "Esaterako, otsailaren 23 Badajozera joango naiz taldeaz, Espainiako Kopako lehenengo lasterketara".

Ofizialki, baina, taldeak Iparralden egingo ditu lehenengo kilometroak, hilaren 15ean, L'essor Basque lasterketan. Gipuzkoan, baina, Zumaian egingo dute debuta, otsailaren 22an, Euskaldunako lehen hitzorduan: "Lan handia egiten gabiltza, eta lan horren emaitzak errepidean ikusi nahi ditugu. Baina, azkenean, errepideak berak jartzen du norbera bere lekuan, eta ikusteko dago taldeak ze maila emango duen. Lasterketak hasten direnean ikusiko dugu zein den pelotoian gure lekua. Uste dugu amateur mailako erreferenteetako bat izan gaitezkeela, lasterketak irabazteko gai garela uste dugu, eta horretarako ari gara lanean, baina, konpetizioak esango du".

Hasteko, taldeak merezi duen moduko aurkezpena egingo du, hilaren 27an, Gasteizen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak