Imanol Azkue: "Debagoienean badago elkarlanerako joera bat errotuta"

Imanol Azkue, liburuaren egilea. (Argazkia: Gorka Zabaleta)
Gipuzkoan 137 parte-hartze esperientzia bultzatu dituzte Gipuzkoako erakunde publikoek, horietatik 20 Debagoienan, eta liburu batean jaso dituzte guztiak: Herritarrekin. Parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (202-2013) . Gaur aurkeztuko dute liburua egileak, Kulturaten, 18:30ean.

Zer jaso duzue liburuan?

Gipuzkoa osoko esperientziak jaso ditugu. Orain, eskualdez eskualde gabiltza liburua aurkezten. 10 eskualde jaso dira eta, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, baina guztietan daude esperientziak. Ez guztiak, baina ia gehienak dira Foru Aldundiak diruz lagundu dituenak. 2012tik 2013ko ekainera  bitartean bukatuta zeuden esperientziak jaso ditugu. Gipuzkoako 66 herritan egindako esperientzien bilduma egin da. Ez daude guztiak, baina asko eta asko bai.

 

Debagoienean?

Leintz Gatzagan izan ezik, gainontzeko herri guztietako esperientziak daude jasota: Antzuolan, parte hartzeko aurrekontuena eta elkarbizitza-plana; Aretxabaletan, udal aurrekontuena eta beste esperientzia batzuk; Arrasaten, adibidez, herri handiena izanik, Gureztatu proiektua jaso da eta jendearen testigantzak ere jaso ditugu, Hirigintzako agiri baten azterketa, hondakinen kudeaketa…; Bergaran, kirol sarea eta hondakinen problematika jaso dira, baita euskararen plan estrategikoa ere; Elgetan, hezkuntza zerbitzuaren eta garraio publikoaren azterketa daude… Eskoriatzan, esperientzia mordo bat jaso da, Eskohitza 2013, Atxorrozkoa… Oñatin Herrijorran proiektua eta barne antolaketari dagokion harreman estilo berriari buruzkoa.

 

Bilketa prozesu hori nola izan da?

Diru-laguntzak zuritzeko egitasmo guztietan fitxa moduko bat bete behar izan zuten udalek eta hortik hasi nintzen, haoriek aztertzetik. Horiekin ahal zen neurrian fitxak osatu nituen, herrietatik jasotzen nuen informazioarekin. Idazle baino gehiago sentitzen naiz liburuaren egile, baina ez egile bakar, ze iruditzen zait liburu honetan jende askok hartu duela parte eta nahiko nuke jende hori guztia ere egile sentitzea: argazkiak utzi dizkidate, beste batzuek testigantzak eman dituzte, zinegotzi eta teknikarien laguntza ere izan dut... Liburua bera egitea ere parte hartzeko prozesua izan da. Saiatu gara liburu txukun, polit eta irakurtzeko erraza egiten.

 

Eskualdez eskualde, alde handiak daude? Debagoienak badu berezitasunik?

Debagoienean parte-hartzea nahiko errotua dagoela esango nuke. Baliteke horrekin harremana kooperatibismoak izatea, ze badago elkarlanerako joera bat, elkarrekin aritzekoa. Esperientzien aldetik, denetarik dago, baina parte hartzeko kulturaren aldetik, iruditzen zait Debagoienean badagoela lehendik ere bidea egina.

 

Zer da erabakigarria udal batek parte-hartze prozesu bati ekiteko orduan?

Egon behar du borondateak herritarren partaidetzari garrantzia emateko, lantzeko, kontuan izateko. Badira alderdi politikoak, baina badira baita ere pertsonak, elkarrekin jarduteko kultura… Urteetan funtzionatu izan da era batera, eta orain horri buelta eman nahi zaio, . Herritarren parte hartzea bultzatzeak kultura aldaketa dakar, konpromiso batzuekin eta eskubide batzuekin; eta ez da bakarrik hartzea, baizik eta eman ere bada, eta herritarrari ere hori eskatzen zaio.

 

Kultura aldaketa diozu. Oraingo kontua al da?

Denetik dago baina, batez ere herri txikietan badago lehenagotik datorren zerbait. Auzolana oso errotuta egon da gurean. Debagoienean agian ez dago hainbeste herri txiki baina Tolosaldean, adibidez, herri txikietan aspalditik funtzionatu izan dute herri-batzarren bidez, elkartu eta gauzak erabakitzeko. Badaude alkatea eta zinegotzi batzuk, baina herri-batzarretan erabakitzen da batzuetan zerrendetan nor aurkeztu, zer programa gauzatu… Beste toki batzuetan agintean egon izan den alderdi politikoaren arabera igartzen da gauzak modu batera egin direla ala aldaketa dagoela.

 

Herritarrek sumatzen dute parte hartzeko bide gehiago jartzen zaizkiela gaur egun eskura?

Badago parte-hartzearen aldeko boom edo loraldi bat, baina parte-hartzeari edukia eman behar zaio, eta ez da hitz huts bat izan behar. Parte hartzea informatzea edo komunikatzea baino askoz ere gehiago da; parte-hartzea da elkarrekin jardutea, elkarrekin eraikitzea, eta momentuan lana badakar ere, epe luzera inbertsioa da, herritarrak boteredun bihurtzeko. Hori da benetan erronka.

Erlazionatuak

Parte-hartze prozesuei buruzko liburua aurkeztu du Aldundiak Arrasaten

Arrasate

'Herritarrak. Parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2011-2013)' liburua aurkeztu zuten atzo Kulturaten. Gipuzkoako 10 eskualdetan garatutako espe...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.