Fagor Etxetresnetako langile ez bazkideen kaleratze prozesua hasteko agindua

Leire Kortabarria 2014ko ots. 7a, 11:18

Hainbat lagun, Fagor Etxetresnek deitutako hirugarren manifestazioan.
Fagor Etxetresnetako 106 langileren, Grumaleko 147 langileren eta Edesako 82 langileren (guztiak ez bazkideak) kontratuak eteteko prozesua has dadin onartu zuen atzo, eguena, Donostiako Merkataritza-Epaitegiko Pedro Jose Malagon epaileak.

Hain zuzen, iraungipen EREa aurkeztea adostu zuten konkurtso-administrazioak eta hiru enpresek. Kontratuak bertan behera geratu arte, langile horiek ezin dira langabe gisa erregistratu, eta gainera, hainbat hilabeteko soldatak ez dituzte kobratu.

Fagor Etxetresnek, Grumalek eta Basaurik iraungipen EREa eskatu zuten, soldatak ordaintzeko gai ez zirelako eta langile horiei lana eman ezin zietelako, "jarduera errentagarririk ez" zegoelako, Fagor Etxetresnek jarduera eten zutenetik.

Fagor Etxetresnetako iturrien arabera, "iraila ezkero hilabete bat kobratu dute" langile horiek, baina beste nominak zorretan dituzte Fagor Etxetresnek, Grumalek eta Edesak.

Kontratuak eteteko prozesua bukatu arte, baina, kontratuek indarrean jarraitzen dutenez, langile horiek ezin dute beste lanik bilatu eta ezin dute ere Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena eman ez eta langabezia prestazioa kobratu ere.

Orain, epe bat ireki da langile horien ordezkariek eta konkurtso-administratzaileek kaleratzeen baldintzak negoziatu ditzaten. Zaila da esaten prozesu hori noiz bukatuko den.

Hilabete baten ez badira ados ipini, berriz epaileak erabaki beharko du langile horien kaleratzearen gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak