Mondragon Taldeak Batzorde Kudeatzailea izendatu du

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 6a, 17:51

Mondragon taldearen egoitza nagusia.
Mondragoneko Batzorde Iraunkorrak Batzorde Kudeatzailea izendatu du, "korporazioaren zerbitzuen funtzionamendu operatiboa bermatzeko", Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izendatu arte. Batzordeko kideak dira Mondragoneko Finantza Arloko Txomin Garcia, Banaketa Arloko Agustin Markaide, eta Korporazioko Industria Arloko Xabier Mutuberria eta Javier Sotil lehendakariordeak. Datozen hilabeteetan, Korporazioaren oinarrizko jarduera ildoak definituko dituzte.

"MONDRAGONeko Batzorde Iraunkorrak Batzorde Kudeatzailea izendatu du.

Korporazioaren Batzorde Iraunkorrak datozen hilabeteetan Korporazioaren oinarrizko jarduera ildoen definizioa gidatuko duen Batzorde Kudeatzailearen kideak izendatu zituen atzo.

Une honetatik aurrera, Batzordeak MONDRAGONeko organoetan Korporazioaren etorkizunari buruzko hausnarketa bultzatzeko ardura izango du eta, hasteko, abiapuntuko egoeraren lehendabiziko balorazio bat egingo du, oinarrizko jarduera ildoak identifikatuko ditu eta datozen urteetan jarraitu beharreko bide orria marraztuko du.

Batzordeko kideak dira MONDRAGONeko Finantza Arloko Txomin Garcia, Banaketa Arloko Agustin Markaide, eta Korporazioko Industria Arloko Xabier Mutuberria eta Javier Sotil lehendakariordeak.

Batzorde Kudeatzailearen bitartez Korporazioaren zerbitzuen funtzionamendu operatiboa bermatu nahi da, Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izendatu arte, eta oinarriak jarri nahi dira kooperatiba kide guztietako bazkide guztiek etorkizuneko MONDRAGON nolakoa izango den erabaki ahal izan dezaten.

Ildo horiek osatuko duten jarduera esparrua 2014ko Kongresuan aurkeztuko da, horretarako data oraindik zehazteke dagoelarik. Diagnostikoa eta hausnarketaren ildo nagusiak aurkezteko arduraduna Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izango da, zeinak halaber datozen urteetan Taldea gidatuko duen. Hausnarketari 2015ean egingo den Kongresu batean emango zaio buru, eta bertan onartuko dira talde kooperatiboaren funtsezko alderdiak; Kongresu hori egin aurretik, kooperatiba guztiek edukia zehazteko parte hartze prozesu zabal bat garatuko da.

Korporazioak berretsi egiten du Eredu Kooperatiboan duen erabateko konfiantza, aberastasuna sortzeko motor gisa, eta apustu sendoa egiten du bere ingurunearen etorkizunarekin duen konpromisoaren alde".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak