Espainiatik kanpoko ondasunez informazioa eman beharko zaio Ogasunari

Leire Kortabarria 2014ko ots. 6a, 15:38

Espainiatik kanpo ondasunak eta eskubideak dituzten zergadunek haiei buruzko informazioa eman beharko diote Ogasunari, martxoaren 31 baino lehen. Hala egin ezean, diru-zigorrak egon daitezke.

Betebehar berri horretaz informatzeko kanpaina hasi du Foru Ogasunak.

PFEZ edo Sozietaten Zerga Gipuzkoan egiten duten zergadunek izango dute derrigortasun hori. Batzar Nagusiek uztailean onartu zuten iruzurraren aurkako foru-arauak jasotzen du neurri berria.

Ondasun eta eskubide hauek aitortu beharko dira:

a) Finantza entitateetako kontuak

b) Baloreak, eskubideak, aseguruak eta errentak

c) Ondasun higiezinak edo haien gaineko eskubideak

Hiru kasu horietan, 50.000 eurotik gorako ondasun eta eskubideetaz informatu beharko da, bloke bakoitza bakarka hartuta.

d) Ondasun higigarriak edo haien gaineko eskubideak atzerrian badaude, Espainiatik kanpo matrikulatuta badaude edo atzerriko erregistroetan badaude.

Multzo horren kasuan, ondasun edo eskubide bakoitzaren balioa 50.000 eurotik gorakoa izan beharko da. Mugak kalkulatzeko, ondasunaren balioa hartuko da kontuan, ez norberaren jabego, partaidetza edo eskubide maila.

Blokeren baten saldo bateratua 20.000 eurotik gorakoa baldin bada edo obligazioa desagertzen bada (bajak, eskualdaketak…) ere aitorpena aurkeztu beharko da datozen urteotan ere.

Isuna, kuotaren %150

Aurkezpena ez egiteak ondorioak izango dituela ohartarazi dute Ogasuneko arduradunek. Ogasunari ez bazaio informazio hori ematen, justifikatu gabeko ondare irabazitzat joko da ondasun edo eskubidea PFEZean eta Sozietate zergan, eta hortik ateratzen den kuotaren %150eko isuna ezarriko da.

Horrez gain, informazioa epez kanpo, osatu gabe, zehaztapenik gabe edo zehaztapenik edo faltsua aurkeztuz gero, kopuru finkoko isun handiak aurreikusi ditu Ogasunak.

Neurriak ez die ahalmen ekonomiko handiko zergadunei eragingo bakarrik. Bizimodua edo lana Espainiatik kanpo egiten duten gipuzkoarrei eragin diezaieke, oporrak Espainiatik kanpo pasatzen dituztenei (oporretako etxebizitzen, eskiatzeko apartamentuen, mobil home-en… jabeak), Espainiatik kanpo familia dutenei (oinordetzan edo dohaintzan ondareren bat jaso dutenak, esaterako) eta Gipuzkoara bizi izatera etorri diren Espainiatik kanpoko herritarrei.

Aitorpenak telematikoak izango dira. Sinadura elektroniko bidez egin daiteke, eta bestela Ogasunean tramitatzeko pasahitza eskatu daiteke. Laguntza programa baten bidez bete daiteke aitorpen telematikoa.

Informazio guztia www.gipuzkoa.net/720 helbidean dator, eta zalantzak argitzeko, helbide horretara jo daiteke, 902 10 00 40 telefonora deitu edo www.gipuzkoa.net/gertubide helbidean galdera bat utzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak