Inazio Arregi: "Baltistanen 600.000 eurotik gora inbertitu dugu"

Eneko Azkarate 2014ko ots. 7a, 10:00
Inazio Arregi, atzean Baltistan eskualdeko emakume talde baten irudia duela.
Felix Iñurrategi mendizale aretxabaletarra gogoan, Pakistango Baltistan eskualdean hainbat proiektu bultzatzeko sortu zen Baltistan Fundazioa 2001. urtean. Pozik daude orain arte egindakoarekin eta ilusio handiarekin heltzen diote esku artean daukaten azken proiektuari: Hushe Ibarreko eskoletako nesken eta mutiko behartsuen matrikulak ordaintzeko kanpainari.

Dagoeneko, 8.000 euro batu dituzte Munawar eskolarako. Horren gainean dihardugu Inazio Arregi Baltistan Fundazioko patronatuko kidearekin.

2001. urtean sortu zenuten Felix Iñurrategi Baltistan Fundazioa. Sorrerako helburuei eusten die?
Debagoieneko bospasei lagunen artean sortu genuen fundazioa eta, bai, esango nuke baietz, helburuei eusten diegula. Sorreran, Hushe ibarreko, eta, zehazki, Machuloko, garapena bultzatzea zen. Bereziki, mendi eskola bat sortzea, zamaketarien artean formazioa eskaintzeko. Bestetik, baita hezkuntzan edo nekazaritzan laguntzea edo hainbat azpiegitura lan oinarrizko egiten laguntzea… Hau da, helburu orokor batzuei eutsiz, proiektu konkretuak bultzatzea.

Zenbat mendizale formatu zenituzten?
60 bat lagun-edo bai. Eta, ondoren, formatu genituen haiek izan ziren formatzaileak. Helburua da autonomo izan daitezela.

Espero zenuten honaino ailegatzea?
Hasieran ez genekien noraino helduko ginatekeen. Azpimarratuko nuke Hushe ibar osora zabaldu dugula laguntza-jarduna, Machulon hasi ginen arren. Horrek erakusten du bagoazela apurka-apurka helburuak lortzen eta fundazioaren eragina geroago eta zabalagoa dela.

Zergatik Machulo?
Hangoekin harreman zuzena geneukalako batez ere eta inguruko beste toki batzuetan bazeudelako beste Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuk, nahiz eta gaur egun Baltistan Fundazioa izan erreferente. Ibar hartan bizimodua ez da samurra: punturik baxuena 2.000 metrotik gora dago eta garaiena 3.400era.

Zelakoa da Pakistaneko inguru hura?
Paskistan eta Indiaren arteko mugan dago, lehengo Katxemiran, militarren gunetik gertu. Gatazka tokia da. Hushen bertan ez da horrenbestekorik igartzen, halere. India eta Pakistanen arteko gerra intentsitate txikikoa da, gainera. Egoera honek guztiak ez du laguntzen.

Zenbat laguneko ingurua da?
Baltistanek orain dela bost urtera arte ez du administraziorik eduki, baina une honetan probintzia handi baten barruan dago: Gilgit-Baltistan. Orain hasi da administrazioa zerbait inbertitzen. 300.000 lagun inguru dira, baina ibarra oso txikia da. Haiek ere ez dakite zenbat diren ibarrean, erroldarik ere ez dutelako. 11.000-14.000 inguru izango dira. Bizitza esperantza 60 bat urtekoa da, hortaz, populazioaren zatirik handiena gazte samarra da.

Herriak ze tamainakoak dira?
Erroldarik ez dago eta zaila da jakitea, baina Machuluk 3.000 izan ditzake. Hura da eskualdeko herririk handiena.

Proiektuekin jakintza erakutsi eta autonomia bultzatu nahi duzuela diozu. Zela?
Gauza praktikoen bidez. Esaterako, albertxikoak dituzte han, baina arbolatik jausitakoak ez dituzte momentuan batzen. Lur hareatsua denez, beltzak geratzen zitzaizkien albertxikoak eta erabiltzen zituzten bakarrik olioa eta xaboia egiteko. Guk erakutsi genien albertxikoak batzen, sikatzen eta abar. Eta, orain, produkzioa biderkatu egin dute. Hango terrazak albertxiko horiz beteta daude orain.

Zenbateraino baloratzen dute Baltistan Fundazioak eskaintzen dien laguntza?
Asko. Oso esker onekoak dira eta aitortzen dute bi sasoi daudela: Baltistan Fundazioak han lan egin aurrekoa eta egiten hasi zenetik ondorengoa. Ikusi dute aldaketa handia. Duela 11 urte ez zegoen ezer. Jateko, gariz egindako talo moduko bat, besterik ez. Guk erakutsi diegu negutegiak edo mintegiak egiten eta orain beste barazki batzuk ere jaten dituzte. Elikadura ezberdina daukate orain. Eta jabetu dira ur garbia etxera eroatea zein garrantzitsua den. Osasun arloan ere aurreratu da. Esaterako, lehen baino berme handiagoarekin erditzeko aukera daukate orain emakumeek. Edo garbitasuna zein garrantzitsua den ere azaldu zaie. Bestetik, propio emakumeendako guneak sortu dira.

Hango erakundeek zela hartu zaituztete?
Ondo. Agintari erlijiosoaren, mula baten, bedeinkapena daukagu eta baita hango tokiko gobernuarena ere.

2001etik hona, dirutan, zenbat inbertitu da?
Ez da samurra esatea, baina, 13 urtetan 600.000 eurotik gora bai. Hemengo erakunde publikoen eta norbanakoen ekarpenei esker. Gehienbat udalek lagundu dute, batez ere Debagoienekoek.

Zenbat bazkide ditu fundazioak?
444 bat. Diru ekarpen bat egiten dute urtean, baina, gero, horretaz gain, proiektu konkretuetarako, orain eskuartean daukagun Munawar-eko  eskolarako, esaterako, ekarpen bereziak egiten dituzte. Edozeinek egin ahal du eta horretarako hiru kontu korronte zenbaki ireki ditugu, gure webgunean ikus daitezkeenak. Jendeak bonoak eros ditzake 50 euroren truke, nahi dituen beste, egin nahi duen ekarpenaren arabera.

Bazkide gehienak mendizaleak dira?
Bai, mendizaleak dira edo mendizaletasunarekin harremanak dituztenak. Aitor Zabaleta, Jose Carlos Tamayo, Juanjo San Sebastian, Jon Lazkano, Alex Txikon, Gerlinde Kaltenbrunner, Alberto Iñurrategi… Batzuk bazkideak dira eta besteak Fundazioarekin kolaboratu dute sarri.

Esku artean daukazuen proiektu garrantzitsuenak zeintzuk dira?
Batetik, Munawarreko eskola eta emakumeendako zentroak: Vocational center for women. Herri bakoitzean bat dago eta zortzi-edo izango dira. Eskola modukoak dira, emakumeak elkartzeko, arazoak konpartitzeko, baina baita ikasteko guneak, josten edo marmeladak egiten ikasteko… Eta, bestetik, umeendako hezkuntza zentroak. Lehen, mutilen artean, eskolara zihoazenen batez-bestekoa %60koa-edo zen; nesketan, %25ekoa. Gaur egunean matxulun 80% Eskolak bazeuden, baina oso egoera kaskarrean eta absentismo handia zegoen irakasleen aldetik. Orain, beka programa bat bultzatu dugu, eskualdeko azkarrenei kanpoan ikasketak ordaintzeko. 54 bat lagun joan dira beka horiekin. Baldintza bat jarri diegu: ikasketa unibertsitarioak edo maila apalagokoak egin arren, bukatutakoan, urtebetez beren eskualdean erakustea jakintza hori, dohainik. Modu horretan hainbat irakasle lortu ditugu.

Zenbat neska-mutiko ari dira ikasten?
350-400 bat. Neskak eskolaratu daitezen, urteko kuotarik ez diegu kobratzen. Munawar eskolako 2014ko nesken kuotak ordaintzetik gertu gaude dagoeneko. Egoera berezian dauden mutikoenak ere geuk ordaintzen ditugu. Une honetan, neskak gehiago dira mutilak baino. 13-14 urte arteko neska-mutikoei bideratzen dizkiegu laguntzak.

Gurasoek zela hartzen dute fundazioaren laguntza?
Ulertu dute eta baloratzen dute. Ikusi dituzte aurrerapenak. Neska batzuk, gainera, negozio txikiak jartzen ere hasi dira. Esaterako, umeak eskolan erabiltzen dituzten uniformeak egin eta saltzen dituzte. Baina orain dela 10 urte ez zioten garrantzirik ematen euren alabak eskolaratzeari. Apurka-apurka, proiektu batzuk jasangarri egiten hasi dira, esaterako, eskola garraioa edo goi mailako ikasketendako beka batzuk.

Fundazioko kideak han ematen duzue denbora tarte bat?
Bai, sarri joaten gara, hilabeteko egonaldiak izaten dira. Baina saiatzen gara haiek beren kabuz antola daitezen, modu endogenoan. Hemen Koordinazioa bakarrik

Erlijioa zenbateraino dago fanatizatuta han?
Azkeneko urtetan egoera okertu egin da alde horretatik. Orain gutxiagotan joaten gara. Izan ere, Pakistango beste toki batzuetan gertatu dira kasuak non medikuak garbitu egin dituzten polioaren edo beste gaixotasunen baten kontrako txertoa jartzearren. Talibanen presioa geroago eta agerikoagoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak