Establezimendu horiek irekitzeko 14 milioi inbertitu ditu kooperatibak, eta 253 lanpostu sortu ditu.
Eroskiren esanetan, modu horretara "Espainia osoan zabaltzeko plana sendotu" egin du kooperatibak. Hedatzeko aukeratu duen eredua frankiziena da.
Apustu hori aurten indartzen jarraituko du Eroskik, eta oraingo ekitaldian gutxienez beste 54 establezimendu ireki nahi ditu, modu horretan 100 supermerkatu frankiziatu berri lortuz. Batik bat Andaluzian, Madrilen, Gaztela-Mantxan, Katalunian eta bi zabalkunde-eremu berritan, Extremaduran eta Levanten irekiko ditu denda berriak Eroskik.
Eroskik "berrikuntza komertzial garrantzitsuak" egin nahi ditu frankizien bitartez, eta "negozio lehiakor, errentagarri eta sendoa" eraiki "ekintzaileen eskutik". Frankizien bidez, gainera, azken hamarkadetan jarraitu duen hipermerkatuen ildoari buelta ematen dio Eroskik, izan ere, orain "1.500 biztanle baino gehiagoko hiri edo herri txikietan integratu" nahi da, "300 eta 500 metro koadro arteko dendekin, leku bakoitzeko produktuekin eta 3.000 erreferentzia ingururekin". Erreferentzia horien artean izango dira Eroski marka, ekoizlearen marka eta leku bakoitzeko produktu tipikoak edo berezkoak. "Eroskik apustu sendoa egin du lekuko produktuen alde, Espainian dituen 5.000 hornitzaileekin batera".
Frankizia ireki nahi duten ekintzaileei aholkularitza zerbitzu espezializatua eskaintzen die Eroskik.
Lehenengoa, Gasteizen
Mota horretako lehen supermerkatua, Zurekin izeneko eredukoa, Gasteizen ireki zen, joan den azaroan, eta 2013ko ekitaldian honako lekuetan ireki ziren: Euskadin (12), Katalunian (11), Balear uharteetan (6), Aragoin (6), Galizian (2), Nafarroan (2), Andaluzian (2), Gaztela-Leonen (1), Madrilen (1), Gaztela-Mantxan (1), Kantabrian (1) eta Andorran (1). Eroskiren Frankizia zuzendari Enrique Martinezek dioenez, bezeroen artean "arrakasta handia" izan du supermerkatu mota berriak.
Frankiziatutako dendetan, produktu gehienak edo guztiak jatekoak dira, eta leku bakoitzeko produktu fresko barietate handia izaten dute. Berritasun teknologikoak eskaintzen dituzte, hala nola kutxa-lerroetan ukitu daitezkeen pantailak, LED argiak edo energia gutxi kontsumitzen duten instalazioak.