Euskal Herriko datu sozioekonomikoak klik batean bistaratu, kontsultatu eta deskargatzeko ataria da. Atlasa.net 2008ko Gabonetan sortu zuen Gaindegiak, eta aurten berritzeari ekin dio, teknologia gaurkotu eta baliabide errazagoa eta ikusgarriagoa sortu nahian. Hala, lehenengo unetik, erabiltzaileak datu bat hautatu eta Euskal Herriko mapan ikusiko du, bai eta grafiko eta datu taula batean ere. Nabigatzeko erraza da eta erabiltzaile maila guztiendako egokituta dago. "Bereziki interesgarria da, hori bai, irakasle, ikasle, aditu eta ikerlari eta baita kazetariendako ere", esaten dute Gaindegiko ordezkariek.
Ataria lau modulutan banatuta dago: demografia, ekonomia, gizartea eta ingurua. Horietako bakoitzean, erabiltzaileak adierazle asko kontsulta ditzake, hala nola biztanleria, langabezia tasak, I+D gastua, industria ekimena, emakumeen jarduera tasa edo autobide dentsitatea. Gainera, zein lurralde eremuren gaineko informazioa eskuratu nahi den ere erabaki daiteke: udalerri mailakoa, eskualdekoa, herrialde mailakoa edo Euskal Herria Europarekin alderatuta edo Europaren testuinguruan ikusi.
Erakunde ofizialetatik
Informazioa grafikoen bitartez ere ematen da eta, urte zehatz bateko datuez gain, urte askotako bilakaera ikusteko aukera dago. Datuen jatorria estatistika institutu ofizialak dira eta, hainbat kasutan, Gaindegiak metodologia bateratu baten bitartez zenbait datu kalkulatu ditu.