Kintoak Santa Ageda egunean ere kantuan

Mirian Biteri 2014ko ots. 5a, 21:30

Santa Ageda bezperan baserriz baserri ibili ostean, gaur herriko kaleak hartu dituzte Eskoriatza eta Aretxabaletako kintoek. Goiz osoa eman dute koplak abesten eta eskean, eta arratsaldean nork bere herriko plazan egindako dantza saioarekin borobildu dute eguna. Goizean izan gara eurekin.

Aretxabaletan, Lausitta kalean topatu ditugu kintoak kantuan, gaur goizean; 1995 urtean jaiotako 35 neska-mutil inguru irten dira aurten. Kinto guztiak batera hasi dira abesten baina, egunak aurrera egin ahala, taldetan banatu behar izan dira, herri osora iritsi ahal izateko.

Eskoriatzan ere taldeka banatu dira hasieratik. Batzuk Olaeta eta Aranburuzabala aldetik ibili dira eskean, beste batzuk erdialdetik, eta hirugarren talde bat Intxaurtxuetan. Denera, 1996an jaiotako 24 gazte inguru.

Saio gehiago

Santa Ageda bueltan egindako ospakizunak, dena dela, ez dira gaur amaituko. Aretxabaletarrak, Aratusteak bitartean, domeketan elkartuko dira plazan, 19:00etan; aurten bost domeka dituzte aurretik. Eta ohiturari jarraituz, Aratuste-martitzenean, txino-dantzarekin irtengo dira.

Eskoriatzarrak, berriz, lehenengo domekan baino ez dira ostera ere batuko dantza egiteko. Dantza egiteko ez, baina azken urteotako ohiturari jarraituz, Kinttada Eguna egingo dute herriko askotariko adinetako kintoek; zapatuan izango da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak