Martxoaren 21erako, egubakoitza, egin dute deialdia, Arrasateko Erdiko Kaleko Leintze elkarte gastronomikoan. Izenematea zabalik dago martxoaren 19era arte, honako telefono zenbakian: 696 77 73 97.
Lehenengo aldiz antolatzen dute horrelako zerbait, eta ez dakite zer nolako erantzuna izango duten. Juan Carlos Pascual oñatiarra da antolatzaileetako bat, eta "dozena bat" lagun inguru azaltzea aurreikusten dute. Azken finean, jende asko batzea baino garrantzitsuagoa izango da batzen direnek ondo pasatzea, Oñatiko bizipenen gainean kontu kontari eta oroitzapenak trukatzen. Juan Carlos Pascual Pascu-k konfirmatzen digunez, "herri mina sentitzen da, bai horixe!" Eta honakoa gaineratzen du: "Arrasaten oso integratuta nagoen arren, parranda egitera oñatiarrok askotan Oñatira joaten gara".
Hurrengo, jatetxean
Bi lagunen artean izan zuten burutazioa eta, Debagoien osoko oñatiar erbesteratuak deitzea aukera bat izan zen arren, afaria Pascu-k gertatu behar du eta oso lagun-talde handia ere ez zaie komeni. "Asko etortzen badira, bigarren aldirako jatetxeren baten egingo dugu", esaten du antolatzaileak.
Ez daukate Arrasaten eta Aretxabaletan bizi diren oñatiarren zentsurik, ez dakite zenbat dauden. Arrasaten, behintzat, banaka batzuk badira: "Bistaz ezagutzen ditut hamabost bat-edo; antzeko adinekoak gara eta Oñatin ere elkarrekin ikastolan, futbolean, musikan… ibili izandakoak gara asko".